Ioseba Mateos eta Asier Goenaga podiumera igo dira VIII. Flysh Beltza igeriketa proban

Ataria 2022ko irailaren 19a

Itsasoaren egoera txarra eta haizea protagonista izan ziren larunbateko ur zeharkaldian. Eibarko Igerixan Kirol Klubak bi proba antolatu zituen Bizkaia eta Gipuzkoako mugan. Bata distantzia luzekoa, eta bestea laburrekoa.

VIII. Flysh Beltza bigarren amaitu zuen Ioseba Mateos ibartarrak. Saturraranetik Debarainoko 6.5000 metroko zeharkaldian Luis Goñi izan zen nagusi, 1.39.22ko denborarekin. Mateosek denbora bera markatu zuen helmugan. Hirugarren Agustin Ibarguren sailkatu zen, bost minutura. Txapeldunak lasterketaren laburpena egin zuen probaren amaieran: "Baldintza gogorrak izan dira, denbora ikusi besterik ez dago. Proba erdiraino lau igerilari joan gara elkarrekin. Mutriku inguruan erritmoa aldatu eta aurrera egitea erabaki dut. Ioseba Mateos eta biok geratu gara. Amaieran metro batzuk atera dizkiot eta aurretik iritsi naiz hondartzara. Esan beharra daukat Iosebak uretako lana errespetatu duela eta ez duela esprinta jo hondartzan. Baten batek hori egitea eskertzekoa da".

Asier Goenaga tolosarra 3.000 metroko proban atera zen, Mutriku-Deba zeharkaldian. Zazpigarren postuan helmugaratu zen Goenaga, 44 minutuko lana eginaz. Master mailako sailkapen nagusian lehen postua lortu zuen tolosarrak, amaieran, podium-a zapalduz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!