Gorka Sorarrain, hirugarren Altsasun

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 19a, 19:58

Gorka Sorarrain Altsasuko podiumean, Abraham Olano eta Migel Indurain txirrindulari ohiak ondoan dituela. Argazkia: Baque Team

Baque Team taldeko txirrindulari tolosarra garaipenetik oso gertu ibili zen ostegunean, Lehendakari Txapelketarako puntuagarria zen Altsasuko XCIII. Txirrindulari Proban.

Ostegunean, 140 kilometroko proba jokatu zuten elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariek, Altsasun (Nafarroa). Lehendakari Txapelketarako puntuagarria zen proba, eta eskualdeko txirrindulariak izan ziren tartean. Laboral Kutxa taldeko Iñaki Murua altzotarra eguneko ihesaldian egon zen, eta onena izan zen mendiko sailkapenean. Sailkapen orokorrean, 31. izan zen.

Emaitza hobea lortu zuen Baque Team taldeko Gorka Sorarrain tolosarrak; hirugarren izan zen helmugan. Azken kilometroetan, tropeleko txirrindulari indartsuenak elkarrekin zeudela, ihes egiten saiatu zen, baina ez zuen nahikoa abantaila lortu. Amaierako metroetan, berak bideratu zuen esprinta, baina borobiltzea falta izan zitzaion, eta azkenean, hirugarren helmugaratu zen. Yanne Dorenbos eta Xabier Berasategi sailkatu ziren lehen eta bigarren postuetan, hurrenez hurren.

Larunbatean jokatu zuten Oñatin Lehendakari Torneoko azken proba. Txapelketako sailkapen nagusian, Sorarrain izan da eskualdeko txirrindulari onena, hamalaugarren postuan amaitu baitu. Iñaki Diaz (Caja Rural-Alea) tolosarrak 29. postuan amaitu du, eta Muruak, 48. postuan. Diazen taldekide den Mulu Kinfe HaileMichael etiopiarrak irabazi du txapelketa, 156 puntu bildu ondoren. Bigarren sailkatua eta 23 urtez azpiko lehen sailkatua Xabier Berasategi (Laboral Kutxa) izan da, eta Ander Ganzabal (Eiser-Hirumet) izan da hirugarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!