Tolosaldeak abantaila nabarmena lortu du Euskotren Ligan jarraitzeko

Ataria 2022ko irailaren 17a

11 minutu eta 27 segundoko denbora markatu du eskualdeko traineruak Euskotren Ligako kanporaketako lehen estropadan. Deustuk ia 17 segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko. Bihar jokatuko dute bigarren estropada.

Tolosaldea edo Deustu. Bietako batek lortuko du datorren urterako Euskotren Ligarako zortzigarren txartela. Asteburu honetan ari dira jokatzen kanporaketa. Gaur Bermeon aritu dira arraunean, eta eskualdeko trainerua aise nagusitu da. Ziabogan sei segundokoa izan da tartea Tolosaldearen alde. Helmugan, baina, tarte hori ia hirukoiztu egin dute eskualdeko arraunlariek. Azkenean, Tolosaldeak 11.27,24ko denbora markatu du, eta Deustuk, 11.44,08koa.

Estropada amaitutakoan, Maialen Amondarain patroiak hitz egin du ETB-ko mikrofonoetan: "Lasaitu ederra hartu dugu. Segundo hauek oso ondo datozkigu biharko. Abantaila ona dugu eta bihar aprobetxatzera irtengo gara. Hori bai, zerotik hasiko dugu estropada, arraunean ahalik eta ondoen egiteko".

Bihar Portugaleten izango dira arraunlariak, eta Tolosaldeak alde nabarmenarekin egingo dio aurre kanporaketako bigarren estropadari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!