«Munduko Txapelketak iaz utzitako arantza kendu dugu»

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 15a, 19:58

Unai Saralegi eta Unai Regillaga judokak «pozik», Nage No Kata modalitateko Munduko Txapelketan lehen hamar bikoteen artean sailkatzea lortu eta gero.

«Pozik» itzuli ziren atzo Poloniatik Unai Saralegi tolosarra eta Unai Regillaga amezketarra. Judo Klub Tolosako judokek asteartean parte hartu zuten Nage No Kata modalitateko Munduko Txapelketan, eta lehen hamar bikoteen artean sailkatu ziren. «Zail ikusten genuen lehen hamarretan sartzea, eta lortu dugu», esan du Saralegik. «Pena pixka bat ere badugu, bi puntu eskasengatik ez garelako sartu finalean, baina gustura gaude egindako lanarekin». Iazko Munduko Txapelketan hamahirugarren izan ziren, eta postu hobea lortzeko gai zirela ikusi zuten. «Hasierako helburua zen hamar onenetan sartzea, eta iazko emaitza hobetzea, eta arantza hori kentzea lortu dugu», esan du Regillagak.

Bi multzotan banatuta zeuden bikote parte hartzaileak eta multzo bakoitzetik lehen hirurak finalera sailkatzen ziren. Saralegik eta Regillagak beren multzoko laugarren postua lortu zuten, 394,5 punturekin, eta beraien aurretik geratu zirenak 396,5 puntu lortu zituzten. Iazko Munduko Txapelketan baino maila hobea zegoen aurtengoan, eta hori ere baloratu dute. «Iaz finalean eta finaletik gertu ibili ziren bikote batzuei irabazi diegu, beraz, dirudienez falta zitzaigun koska hori igo dugu eta ea datorren urtean pixka bat gorago igo eta finalean sartzeko gai izaten garen», azaldu du Saralegik. Aurten zein iaz Europako txapeldunorde izan dira, eta horrek konfiantza eman die. «Aurtengo Munduko Txapelketan finaletik hain gertu geratzeak, gogo handiagoa ematen digu gehiago prestatu eta hurrengo urtean finalera sartzeko koska hori gainditzeko», zehaztu du Regillagak.

Txapelketako saioan beste behin ez zuten zorte handirik izan, eta bigarren ateratzea egokitu zitzaien. Beraien saioa bukatu ondoren sailkapenean lehen postuan jarri ziren, baina bazekiten beren multzoko bikote indartsuenak falta zirela parte hartzeko. «Ohiko urduritasuna izan genuen parte hartzerakoan, eta gero, besteen puntuazioaren zain egon beharrak, urduritasuna areagotu zigun», esan du Regillagak. Hala ere, azken bi urteetan egindako nazioarteko txapelketen ondoren, nabaritzen dute beste lasaitasun bat dutela lehiatzerakoan.

Egun batzuetan atseden hartuko dute, eta gero Frantziako selekzioak Albin egiten duen topaketa batera joango dira, hiru egunez entrenatu eta Munduko Txapelketan egindako akatsak errepasatu eta zuzentzeko asmoz. Ondoren, azaroan, Extremaduran (Espainia) egingo den Iberiar Torneoan parte hartuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!