Landarlanek aldaketak eskatu dizkie Enirio-Aralar Mankomunitateari eta Aldundiari tenperatura altuengatik

Ataria 2022ko ira. 15a, 11:58

Ardiak zuhaitz azpian Aralarren, berotik babestu nahian. Argazkia: Landarlan.

Aurtengo uda Aralarren lehorra izan dela argudiatuz, eta egoera berrira egokitzen hasteko, abereen karga jaistea eta goi lurretan baso gehiago jartzea eskatu dute.

Inoiz baino tenperatura altuagoak izan dira uda honetan, eta prezipitazioak aldiz erregistraturiko baxuenetarikoak. Landarlan Ingurumen Elkarteko kideek nabarmendu dute atentzioa eman dietela pare bat kontuk: "Batetik ur asketako eta iturrietako ur faltak, eta, bestetik, abereen portaerak. Hau da, behi, behor eta ardiak Aralarko zuhaizti urrietan babestuta ikusi ditugu momentu oro. Klima aldaketaren ondorioz egoera hau ohikoa bilakatuko dela aurreikusten da. Egokitzen hasteko garaia da".

Egoera berrira egokitzen hasteko, pare bat eskakizun egin nahi dizkiete Enirio-Aralarko Mankomunitateari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari: "Aralarren abereen karga %150ean dago (azken datuen arabera). Honenbestez, urtetik urtera Aralarko larreek geroz eta kalitate eskasagoa izango dute. Zer esanik ez honelako uda lehorrak ohiko bilakatzen badira. Aralarren abeltzain profesionalak eta ez profesionalak (afizioz daudenak) ditugu. Profesionalek lehentasuna edukiz, karga jaitsi beharko litzateke. Larreen Antolamendu Plan (LAP) batek guzti hau zehaztuko liguke, aspalditik behar duguna". 

Bestetik, Aralarko goi lurretan baso gehiago behar dutela aipatu dute. "Abeltzain zein mendizaleoi garbi geratu zaigu uda honetan. Zer esanik ez abereei. Mendi Babesle eta Babes Barrutiak legez basotze bidean egon beharko lirateke, baina larrea besterik ez dago. Baso hauek Aralarko biodibertsitatea, lurzorua eta ura babesteko giltzarriak dira eta horrelako muturreko baldintzetan mendiari eta baita abereei ere babesa eskaintzeko funtsezkoak dira, azken hauentzat itzala eta giro freskoagoa eskainiz".

"Ingurumen elkarte bat izanik, akaso, abeltzainen sindikatuek gure hitzak deabruaren hitzak direla esango dute", adierazi dute Landarlanetik. "Beraien ustez zentzu handiagoa du Natur Parkeko goi lurretara ur zisternak igotzeko pistak egiteak, Aralarko lurzorua eta larreen baldintzak hobetu ditzaketen neurriak hartzeak baino. Neurri horiek hartzeko, elkarlanerako prest gaude, Mankomunitatearekin, Aldundiarekin eta sindikatuekin", gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!