Triatloi taldeko emakumezkoak, bikain, Zumaian

Ataria 2022ko irailaren 14a

Zumaiako XV. Esprint Triatloia izan zen jokoan pasa den larunbatean, eta bertan Tolosaldeko Triatloi Taldeko (TTT) partaide ugari izan ziren. Triatletek 750 metro igeri, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika burutu behar izan zituzten. 

Emaitzarik aipagarrienak emakumezkoen artean eskuratu zituzten. Batetik, Aratz Urkolak jubenil mailan eta Pili Esnaolak beterano mailan amaiera bikaina eman zioten Euskadiko Triatloi Zirkuituari, bakoitzak beren kategoriko bigarren postua eskuratuz. Bestetik, esprint distantzian debutaria zen Izaro Urkola hirugarren sailkatu zen kadete mailan. 

Gizonezkoen kasuan ere, maila onean aritu ziren Mahala taldeko triatletak. Asier Capak karrera bikaina egin eta sailkapen orokorrean 12. postua eskuratu zuen. Elur Urkola ere onenekin egon zen azken unera arte, 22. helmugaratuz. 

Bestalde, Joxean Montoyak bigarren postua lortu zuen beterano mailan, eta Danel Leunda eta Beñat Ostrak ere lasterketa ederra gauzatu zuten, taldetik azaldu dutenez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!