Ertza konpainiaren ikuskizuna da Dye Dye. Alegian bizi den Asier Zabaleta (Ezkio, 1972) da konpainiako arduraduna eta baita ikuskizun honetako koreografoa ere, eta Idoia Rodriguez de Langarica eta Rafael Arenas dira dantzariak.
Dye Dye iaz estreinatutako kaleko pieza bat da, Iruñeko bi dantzari dira protagonistak. «Proiektu hau kuriosoa da ez delako neronek pentsatu eta hasitako proiektu bat. Bi dantzari horiek bazeukaten material bat beraien kabuz sortua, eta Iruñeko jaialdi bati esker aukera izan zuten egonaldi artistiko bat egin eta koreografo bat gonbidatzeko, kanpoko begirada hori edukitzeko, eta ni aukeratu ninduten», esan du Asier Zabaletak.
Bi dantzarien materiala «gordin samar» zegoela esan du eta gogoratu du hortik abiatuta sortu zutela Dye Dye. «Material horrek gaitasun handia zuela ikusi nuen, baina oso berde zegoen. Proposatu nien material horretatik abiatuta lan luzeago eta sakonagoa sortzea».
Emaitza ordu erdi inguruko emanaldia da eta dantza urbanoa eta garaikidea nahasten dira bertan. Izan ere, Rafael Arenas parkour eta brake dance mundutik dator eta Idoia Rodriguez de Langarica hip-hop-etik. «Biek jorratu dute dantza garaikidea ere eta Dye Dye-n nahasketa bat ikusi daiteke».
Istorio bat
Villabonan igandean ikusi ahal izango den emanaldiaren oinarrian bi dantzarien lana badago ere, Zabaletak borobildu zuen pieza eta dantzari eta koreografoak zerbait kontatu nahi izaten du pieza guztietan. «Dantza lengoaia gehiagorekin nahasten den eremu hori interesatzen zait. Horregatik askotan egin izan dut lana beste sortzaile batzuekin; askotan aritu naiz Harkaitz Cano idazlearekin, ikus-entzunezko sortzaileekin, artista plastikoekin... Emanaldi bat dantza den, antzerkia ote den... neronek ere definitzen ez dakidan hori gustatzen zait».
Dantzaren munduan askotariko konpainia eta sorkuntza lanak daude eta mugimenduan oinarritzen diren konpainiak egon badaude ere, Zabaletak ez du hori nahi. «Badira mugimenduak sortzen dituzten konpainiak, teknika handia behar duten saioak egiten dituzte, baina nik istorioak kontatu nahi ditut». Interpretea prozesuan murgiltzea eta gaiak modu jakin batean jorratzea du gustuko; izan ere, argi du dantza ariketa fisikoa den bezala, emozioak eta sentimenduak sorrarazteko balio duela. «Gaur egun dantzari kirolari ematen zaion garrantzia bera emango balitzaio pertsona hobeak izango ginateke. Dantzak ez du lehiakortasun hori eta arlo fisikoa lantzeaz gain, arlo emozionala ukitzen du, baina ez da lantzen. Kuriosoa da umeek txikitan marrazten dutela, dantza egiten dutela, antzezten... artearen arlo asko egiten dituzte, baina guk mugatzen ditugu. Iruditzen zait dantzak sekulako balioa duela eta ez diogula ematen. Gurekin ez doan zerbait dela iruditzen zaigu, eta horrek adierazten du dantza gizarte mailan non kokatu dugun».
Zirikatzailea
Istorioak kontatu nahi dituela eta gizartea zirikatu nahi duela dio koreografoak. «Nire lanek gauzei bueltak ematea nahi dut, zerbaiti buruz hitz egitea, gizakiaren kontraesanak bistara ateratzea... hori da gehien gustatzen zaidana. Ez dut istorio narratibo bat osatu nahi, baina bai bilatzen dudala ikusleak bere burua identifikatua ikustea. Aukeratzen ditudan gaiak ez dira errazak izaten gainera, zirikatzen duten gaiak izaten dira».
Gai sakonak lantzea du gustuko, baina oso presente du ikusleari emanaldia erakargarri egin behar zaiola, eta horretarako ikuskizunak hainbat ezaugarri bete behar dituela. «Lanak erritmoa izan behar du, eragingarri desberdinak izan behar ditu, dantza ikustera ohituta ez dagoen ikusle hori lotu behar du...».
Nahi horretatik sortu zuen Dye Dye eta beste emanaldiak bezalaxe, gai sakona du atzean. «Batak bestea bere esentziarekin nola kutsatzen duen erakutsi nahi genuen. Esentzia hori irudikatzeko tindagaiaren metafora erabiltzen dugu. Ikuskizunean badaude kolore asko —elementu ezberdinekin koloreak asko erabiltzen dituzte— eta beraien arteko erlazioa erakusten dute. Euren esentzia partekatzen dute eta horri esker pertsona berriak dira. Besteekin ditugun harremanetan partekatutako esentziei esker, ez gara pertsona berberak. Beste pertsonaren mami hori ezagutu eta bizi ondoren, gu ere beste pertsona desberdinak gara».
Musika
Musikak garrantzia berezia du Ertza konpainiaren lanetan eta behin baino gehiagotan egin dute lan Irurako Iñar Sastre pianistarekin. Dye Dye emanaldiko musika ere Sastrek sortu du. «Kasu honetan bere eremutik atera dut Iñar. Formakuntza klasikoa du eta jazz inprobisatzean du trebezia handia, baina nik hemen musika elektronikora eraman dut». NAN ikuskizunean (2013. urtea) sortu zen Sastre eta Zabaletaren arteko elkarlana. «Nik ez nuen Iñar ezagutzen, Iñarrek berak CD bat bidali zidan eta denak ziren euskal kantu tradizionalak bere eremura eramanda, jazz inprobisazio mundu horretara, alegia. Momentu horretan sortze krisi sakon batean nengoen eta horrekin nahigabe mugitzen hasi nintzen. Burura gauza asko ekarri zizkidan, hortik sortu zen NAN».
Kale ikuskizuna
Ertza konpainiak momentu honetan dituen hiru kale ikuskizunetako bat da Dye Dye —beste biak Meeting Point eta Otempodiz dira— eta jendea dantzara erakartzeko bide bezala ikusten ditu Zabaletak. «Niri kalea ikaragarri gustatzen zait eta errespetu handia diot aldi berean, ez dut ikuskizun bera egingo agertoki batean edo kalean, kale ikuskizun batek ezaugarri berezi batzuk bete behar dituela iruditzen zait, erritmo aldetik eta abar. Kale ikuskizun batean ikuslearen atentzioa lehenbailehen harrapatu behar duzu eta bukaerara arte ez duzu askatu behar. Ikuskizuna ez da oso luzeak izan behar, bidaia bat bezala izan behar du, etengabea, erakargarriak diren elementuekin...».
Kalea maite du eta bertan biltzen den ikuslea erakarri nahi du dantzara. «Kalea zoragarria da. Behin ere ez dut ikusi inor gure kale ikuskizun batera gerturatu, pixka bat ikusi eta hanka egiten. Niri ikusle hori da gehien interesatzen zaidana, antzokietara joaten ez dena. Normalean aretoetara joaten direnak gremiokoak dira. Gehienetan elkar ezagutzen dugu eta nahiko eremu itxia da. Pena da. Dantza garaikidean bereziki, ateak ireki behar direla iruditzen zait, urte asko egon gara guri begira, gure hausnarketa sakon horietan murgilduta, eta orain kexatu egiten gara ikuslea ez delako etortzen; gure lana da poliki-poliki jendea erakartzea. Horregatik da funtsezkoa kalea. Lehen urtea da aurtengoa kaleko hiru pieza ditugula martxan eta hiruek funtzionatzen dute ondo».
FITXA ARTISTIKOA
'DYE DYE'
Zuzendaria eta koreografia. Asier Zabaleta.
Dantzariak. Idoia Rodriguez de Langarica eta Rafael Arenas.
Iraupena. 25 minutu.
Sinopsia. Hitzek, mugimenduek, emozioek, bizitako esperientziek eta beste pertsonekin elkarrekintzak, gure esentziak busti eta kolore ezberdinez betetzen dituzte. Era berean, gure tonalitateekin besteon esentziak bustitzen ditugun moduan. Tonalitateak ez dira aldagaitzak; ezta pertsonen esentziak ere. Are gehiago, biak etengabe tindatzen, diluitzen eta nahasten doaz, bidean kolore berriak sortuaz. Ikuskizunean, bi pertsonek beren kolore paletak partekatzen dituzte, beraien bagajea, beraien bizitza; biak ortzadar berri batean bat egitera iritsi arte.