16 ekintzailek 1.000 eurotik gorako diru laguntza jasotzeko aukera izango dute Tolosaldean

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 14a, 10:59

Lanbidek, Tolosaldea Garatzenen bidez, ia 22.000 euroko diru laguntza jarriko du eskualdeko ekintzaileen eskura, enpresa berrien sorrera sustatzeko. Interesatuek, urriaren 5a baino lehen egin beharko dute eskaera.

Tolosaldeko ekintzaileei zuzendutako diru laguntza bat jarriko dute eskura Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Tolosaldea Garatzenek, enpresa berrien balizko sorrerak aztertzeko edo enpresa proiektu berriak martxan jartzeko helburuarekin.

Hamasei ekintzaileren proiektuak lagunduko dira diruz, bi multzotan banatuta. Horietako hamar laguntza Enpresa Plan bat sortzera bideratutakoak izango dira; hau da, enpresa bat sortzeko ideia duten ekintzaileek bideragarritasun azterketa bat egin beharko dute. Horrek ez du esan nahi gero enpresa hori sortu behar denik.

Beste sei diru laguntzak, dagoeneko bideragarritasun azterketa egina izan eta enpresa martxan jartzera doazenentzat izango dira.

Enpresa Plana egiteko dirulaguntzak

Bi hartzaile mota ditu: 30 urtez azpiko ekintzaileentzat sei laguntza daude, eta beste lau, adin horretatik gorakoentzat:

 

30 urtetik beherako emakumezkoak

30 urtetik beherako gizonezkoak

30 urtetik gorako emakumezkoak

30 urtetik gorako gizonezkoak

Laguntza kopurua

3

3

2

2

Diru laguntza

1.300 €

1.150 €

1.150 €

1.000 €

Onuradunek honako baldintzak bete behar dituzte: langabezian egotea, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea, Tolosaldea Garatzenen aholkularitza jasotzea, helburu bererako beste diru laguntzarik ez jasotzea, ekonomia jardueren gaineko zergan eta langile autonomoen araubide berezian iaztik alta eman ez izana eta bideragarritasun azterketa egiteko bi hilabeteko dedikazioa eskaintzea. 

Enpresa martxan jartzeko dirulaguntzak

Beren enpresa martxan jartzera doazen ekintzaileei bideratutakoak izango dira gainerako sei diru laguntzak. Laguntza jaso ahal izateko, ordea, ezinbestekoa izango da bideragarritasun plana eginda izatea eta gehienez hiru hilabeteko epean autonomoetan alta ematea. Hau da, enpresa epe horretan jarri beharko da martxan.

Laguntzaren banaketa hauxe da:

 

30 urtetik beherako emakumezkoak

30 urtetik beherako gizonezkoak

30 urtetik gorako emakumezkoak

30 urtetik gorako gizonezkoak

Laguntza kopurua

1

1

2

2

Diru laguntza

1.950 €

1.725 €

1.725 €

1.500 €

Eskaerak urriaren 5era arte

Eskaerak egiteko epea 2022ko urriaren 5ean amaituko da. Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza sailarekin jarri beharko da harremanetan, Lehiberri Zentrora bertaratuta, 943 654501 telefono zenbakira deituta edota zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!