Elkarrizketa

«Leku askotara iritsita, bertsolaritza indartsuago egongo da»

Irati Saizar Artola 2022ko ira. 14a, 07:59

Beste lanen artean, Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneak eskualdean dituen bertso eskoletako irakaslea izango da, ikasturte honetan, Ane Beloki; matrikulatzeko aukera zabalik dago oraindik.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak funtzionamendu aldaketa izan du aurten, 2022-2023 ikasturtera begira, eta Ane Beloki (Legazpi, 1999) izango da transmisio alorraren ardura hartuko duena; tartean, bertso eskoletako irakaslea izango da.

Nola iritsi zaizu Harituz-eko bertso eskolen ardura hartzeko aukera?

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Mikel Artolak deitu zidan. Nire saltsako lana iruditu zitzaidan eta baiezkoa eman nuen. Aurretik aritu izan naiz bertso eskoletan lanean, eta nik uste gai izango naizela postu hau betetzeko. Haritz Mujikak nahiko goian utzi du langa, baina saiatuko naiz gerturatzen. 

Harituz azken urteetan lanean aritu da eskualdean bertso eskolen kultura sustatzen. Oinarri bat sortua dago?

Tolosaldean bertsolaritza oso indartsu dago. Ikusi besterik ez dago eskualdean zenbat bertsolari dauden gaur egun. Eta ikasle kopuruan ere antzematen da, giroa ere nahiko euskalduna izanik, erraztasuna ere badago bertsolaritza bidez horrelako girora iristeko. Beste zenbait lekutan baino erraztasun handiagoa dagoela ikusten da. Harituz, elkargune moduan, talde indartsua dela argi dago, emaitza onak izaten ditu antolatzen dituen gauza guztietan. 

Motibazio saioak ari zarete eskaintzen, gaztetxoak bertso eskoletara gerturatu asmoz. Zer nolako saioak dira?

Ordubete ingurukoak izaten dira, gaztetxoekin egiten ditugunak, ikastetxeen bidez. Ez dira ohiko saioak, oholtza gainean egiten direnak. Gaztetxoei egokitutako saioak dira, bertsolaritzarekin lehen kontaktua izan dezaten. Jolas moduko ariketak egiten ditugu, beraiek ere jolas horietan parte hartuz gurekin. Esaterako, gai jartzaile paperean jartzen ditugu, oinak beraiek ematen dizkigute guk bertsoa osatu ahal izateko, edota nor da nor jolasa ere egiten dugu. Atzo, adibidez, Villabonan izan ginen, eta oso gustura aritu ginen, ordubetea motz geratu zitzaien ikasleei. Ikusten dugu saio horiek lehen kontaktu horretarako balio dutela eta ea bertso eskoletara erakartzen ditugun. 


Atzo goizean Villabonako ikasleekin egin zuten motibazio saioa. Argazkia:Harituz.

Eta ondoren egiten duzue matrikulatzeko eskaintza? 

Bai, momentuan banatzen ditugu matrikulazio orriak, eskolan bertan. Orri hori bete beharko dute hala nahi duten ikasleek, eta bertan aukeratuko dute zein ordutegi datorkien egokien. Gainerakoan 688 654 012 zenbakira deitu beharko dute edo harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzi. Hamar urtetik gorako haur nahiz gaztetxo guztiek izango dute aukera gurekin batera bertsolaritza gertuagotik ezagutzeko. 

Herri askotara iristen zarete bertso eskolekin. Gehiago zabaltzeko asmorik baduzue?

Bertso eskolarik ez dagoen tokian talde bat ateratzea polita litzateke. Leku askotara iritsita, bertsolaritza indartsuago egongo delako, eta gazteek ere etxetik gertu probatzeko aukera izango dutelako. 

Bertso eskoletako saioak nola antolatzen dituzue?

Normalean astean ordubeteko saioak eskaintzen ditugu gaztetxoenekin eta Eskolartekoan aritzeko adinean daudenei motz geratzen zaienez ordubetea, bi orduko saioak eskaini izan ditugu. 

Lanketa berezia egiten duzue emakume eta gizonezkoen parte hartzea orekatzeko. 

Iritsi berria naiz ardura honetara, baina ikusi dut hemen ere emakumeen kopurua nabarmen baxuagoa dela gizonenekin konparatuta. Orain neroni, emakumea izanik, ea neska gehiago animatzen diren, polita litzateke mundu honetan geroz eta emakume bertsolari gehiago izatea. 

Eskolaz kanpoko ekintzen artean, aukeretako bat da bertso eskola. Bada zaletasunik?

Normalean, herri gehienetan kirola lehentasuna izaten da, eta bertsolaritza atzean geratzen da. Baina datuek erakusten dute zaletasuna badagoela, eta ikusten da gainera jendeak eutsi egin nahi diola horri. Ikusten ditugu ikasleak, esaterako, pilota eskolako entrenamenduen ordutegiak aldatzen saiatzen direnak, bertso eskolara joan ahal izateko. Horrelakoetan ikusten da badagoela gogoa, eta lehentasun apur bat ere ematen zaiola. 

Zergatik gerturatu beharko lukete gaztetxoek bertsolaritzara?

Harremanak egiteko modu polita da, jende asko ezagutzen da. Hitzekin jolastea, sortzea, imajinazioa aktibatzea, adierazteko moduak lantzea, hizkuntzaren erabilpen egokia egitea, gizarteratzeko modua, zure burua ezagutzeko aukera... balore asko eta asko eskaintzen ditu bertsolaritzak.

Txapelketa girotzeko saioak, eskualdean

Bertsolari Txapelketa Nagusia ate joka den honetan, eskualdetik parte hartuko duten bertsolariek motorrak berotuta iritsi nahi dute lehiara. Horretarako, bi girotze saio antolatu ditu Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak.

Lehen girotze saioa gaur bertan izango da, 19:00etan,  Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. Haritz Mujika, Beñat Iguaran, Unai Mendizabal eta Asier Azpiroz ariko dira kantuan, Saroi Jauregik jarritako gaiei erantzuten.  Eta bigarren saioa Altzoko Batzarremuño aretoan izango da, irailaren 22an, 19:00etan. Oraindik zehazteko dago nortzuk ariko diren bertsotan.

Tolosaldeko bost bertsolarik hartuko dute parte Txapelketa Nagusian: Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Unai Mendizabal, Beñat Iguaran eta Haritz Mujikak.  Irailaren 24tik abenduaren 18ra jokatuko da txapelketa. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!