Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 13a, 14:59

Eskualde osoko herritarrak euskaraz hitz egitera gonbidatu dituzte ikasturte berrian. Horretarako baliabideak jarri dituzte, beste urtebetez. Mintzapraktikan parte hartzeko edo informazio gehiago lortzeko, Galtzaundi Euskara Taldera edo bakoitzaren herriko udaletxera joan behar da.

Tolosaldeko euskara teknikariak, Mintzalaguna egitasmoa bultzatzen duten eskualdeko udaletako ordezkariak, UEMA eta Galtzaundi Euskara Taldeko kideak herritarrei zuzendu zaizkie gaurkoan, "zurekin euskaraz egin nahi dugu!" esateko. Helburu horrekin, beste urtebetez Mintzalaguna egitasmoa aurkeztu dute.

Xabier Balerdi Tolosako zinegotziaren esanetan, "asko dira euskaraz aritu nahi eta aukerarik ez dutenak, inguruan horretarako lagunik ez dutelako". Balerdiren esanetan, badira "euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik ez dutenak". Guztiek dute lekua egitasmo honetan, "Mintzapraktikan aurkitzen baitute euskaraz lagun artean aritzeko aukera". 

Idoia Lahidalga Galtzaundiko kideak zehaztu du Mintzapraktika: "Harreman berriak sortu eta indartzen dira euskaraz. Taldean elkarrekin aritzen dira eta euskaraz egiteko ohitura hori inguruko jendearengana zabaltzen dute, hizkuntza hautuetan eraginez".

"Euskara praktikatzeko modurik onena"

Gaur egun, Euskal Herri zabalean, 7.000 herritarrek baina gehiagok parte hartzen dute Mintzapraktika egitasmoan. Astean behin elkartzen dira talde txikitan euskaraz aritzeko. Bidelariak eta bidelagunak bertan izaten dira:

    • Bidelariak: Euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkuntza praktikatuz.
    • Bidelagunak: Euskara aise erabiltzen dutenak eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izena ematen duten euskaltzaleak.

Idoia Lahidalgak batzuk zein besteak animatu nahi izan ditu egitasmora: "Hauxe da Mintzapraktikaren mundua. Ireki atea eta praktikatu gurekin, talde giro hurbilean. Zurekin euskaraz egin nahi dugu!". Izan ere, Galtzaundiko kidearen esanetan, "Mintzapraktika, ongi pasatuz euskara praktikatzeko ezagutzen duten aukerarik onena dela diote parte hartzaileek. Laguntasuna eta babesa transmititzen dituen jendez inguratuta, Mintzapraktikan euskaraz hitz egiteko konfiantza eskuratzen delako. Satisfazio handia ematen du horrek".

Izen ematea zabalik

Jadanik zabalik da aurtengo ikasturtean Mintzapraktikan izena emateko epea. Parte hartzeko hainbat aukera eta modu daude. Informaziorako eta izena emateko Galtzaundi Euskara Taldera edota bakoitzaren udaletxera joan behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!