LAB eta ELA sindikatuek adierazi dutenez, Adegik "blokeatua" du grafikagintza sektoreko negoziazio mahaia. Azken bilera maiatzean egin zuten, eta bertan soldata igoera "oso eskasak" proposatu zituela patronalak esan du sindikatuak; "gainerako edukien inguruan ere, inolako aurrerapenik ez zuten eskaini".
Sindikatuek adierazi dutenez, Adegiren azken proposamenak lau urterako iraupena aurreikusten zuen, eta soldatei dagokienez, %3ko igoera 2022rako, KPI-aren igoera 2023rako, %2ko mugarekin, KPI-aren igoera 2024rako, %1eko mugarekin eta KPI-aren igoera 2025erako, %1eko mugarekin. Bada, soldata horiek "ez dute inondik inora sektoreko langileen erosteko ahalmena bermatzen, are gehiago langileon poltsikoetan bizitzaren garestitzea nabaritzen ari garen honetan".
Sindikatuek esan dutenez, hitzarmenean hobekuntzak lortu nahi badira, "hau da sektore osoa kalera irten eta bizi dugun egoera salatu behar dugun unea. Bestela, inolako hobekuntzarik gabe jarraituko dugu, eta hitzarmena erabat blokeatuta".
Hala, lau greba egun egingo dituzte bertako langileek, irailaren 27an eta 29an eta urriaren 4an eta 6an. Bi elkarretaratze ere egingo dituzte, lehena, ostiralean, Tolosako Sam enpresaren aurrean, eta bigarrena, hilaren 20an, Elduaingo Corenso fabrika atarian. Sindikatuetatik mobilizazioetara batzeko deia egin dute: "Borrokatzeak beti merezi duelako, dei egiten diegu sektoreko langileei greba eta mobilizazioetan parte hartzera".