Laguntzarako saio desberdinak eskainiko ditu Hazilanek eskualdeko enpresetan

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 12a, 17:17

Banakako eta taldekako tutoretzak, eskualdeko enpresetan praktikak edota enpresa plan bat egiteko laguntza-saioak izango dira, 20 eta 44 urte bitarteko gazteentzat. Dagoeneko zabalik da izen-emate epea.

Lan-egoera hobetu nahi duten 20 eta 44 urte bitarteko gazteei aukerak sustatzeko programa da Hazilan. Goi-mailako ikasketak –heziketa ziklo, unibertsitate titulu, etab.– dituzten gazteak lan-merkatuan txertatzea du helburu, eta horretarako konpetentzia sozioprofesionalak hobetzean jartzen du azpimarra. Urrian abiatu eta urte bukaerara arte luzatuko da. Izen-emate epea zabalik da dagoeneko, eta irailaren 25era arte izango da horretarako aukera, Tolosaldea Garatzenen webgunean.

Hiru adar izango ditu edizio honek, parte hartzaileen lan-egoera, helburu eta motibazioen arabera prestatutako programekin. Izena ematerako garaian, hiruretako zeinetan parte hartuko duten zehaztu beharko dute parte-hartzaileek.

Hazilan Kokatu: formazioa eta praktikak enpresetan.

Hazilanen ohiko ereduak jarraipena izango du. Eskualdeko enpresetan ikasketa alorrarekin zerikusia duten lanpostuetan praktikaldia egiteko aukera eskaintzen du. Aurrez, ordea, gaitasun sozioprofesionalak garatzeko formazio fase bat izaten da, 80 bat ordukoa. Besteak beste, alor fisiko, kognitibo eta emozionalak lantzen dira, taldeka nahiz bakarka: proaktibitatea, autonomia, izaera kritikoa, talde-lana, komunikazioa, lidergoa, gatazken kudeaketa, plangintza...

Prestakuntza-saio horiek Lehiberri Zentroan izango dira, astelehenetik ostiralera, goizeko ordutegian: 08:00-14:00. Lehen saioa urriaren 10ean egingo da, eta azkena, berriz, hilaren 28an.Praktikaldia, guztira 200 ordukoa, azarotik aurrera egin ahal izango dute parte hartzaileek. Horretarako, ordea, formazio fasea guztiz osatzea ezinbestekoa da.

Hazilan Express: garapen pertsonalerako laguntza.

Hauxe da Hazilan programako berrikuntza nagusienetako bat. Banakako jarraipena eskainiko du, garapen pertsonalerako edota proiektu pertsonalen garapenerako laguntza pertsonalizatua eskainiz. Horretarako, hainbat orduz –beti ere irailetik abendura bitarte–, bakarkako saioak egingo dituzte parte-hartzaile bakoitzarekin, norbere helburuetara egokituz.

Zeintzuk izan litezke helburu horiek? Bada, guraso izan ondoren lan-merkatura itzultzea; lanez aldatu nahi eta nora jo jakitea; laneko proiektu bat entregatu behar izatea; ikasketa arloko lanei berriz heltzea... Ugariak izan daitezke errealitateak, horregatik eskainiko zaio bakoitzari bere beharren araberako arreta. Bi programa hauen informazio gehiago lortzeko, Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailarekin jarri beharko da harremanetan, lan@tolosaldea.eus helbidera idatziz.

Hazilan Ekin: enpresa plan bat sortzeko trebakuntza.

Hirugarren alorra, berriz, enpresa bat martxan jartzea pentsatzen ari diren gazteei zuzendutakoa da. Enpresa sortu aurretik jakin beharrekoen inguruan formatu eta enpresa plan erreala garatzea du helburu. Kasu honetan, formazio saioak astebeteko iraupena izango du. Urriaren 3tik 7ra izango da, Lehiberri Zentroan, 09:30etik 13:30erako ordutegian. Besteak beste, egitura juridikoak, fiskalitatea, prezio politikak, inbertsioak, diru-sarreren azterketak, etab. izango dira mintzagai.

Behin formazio hori igarota, parte hartzaileek, lanaldi osoz Enpresa Plan bat osatzen jardun beharko dute Lehiberri Zentroan, gutxienez 45 ordu osatu arte. Prozesu horretan gidatu eta zalantzak argitzeko, orientazio pertsonalizatua eskainiko dieten adituak izango dituzte eskura. Beren enpresa propioa sortu duten ekintzaileak ere bisitatzeko aukera izango dute.

Programa honen inguruko informazio gehiago nahi duen oro, Tolosaldea Garatzeneko Ekintzailetza Sailarekin jarri daiteke harremanetan, zubeldia@tolosaldea.eus helbidera idatziz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!