Oihana Zubillagak Goierriko Kopa irabazi du

Ataria 2022ko irailaren 12a

Oihana Zubillaga, Arriarango mendi lasterketan. GOIERRIKO HITZA.

Anoetarra bigarren izan zen atzo Idiazabalgo Axari Trail lasterketan, eta ondorioz, onena izan da Goierriko Kopako trail modalitateko sailkapen nagusian. Jon Zubeldia asteasuarra hirugarren izan da gizonezkoetan.

Oihana Zubillagak denboraldi bikaina borobildu zuen atzo Idiazabalgo Axari Trail lasterketan. IX. Mikel Garmendia Memoriala jokatu zuten, 25,34 kilometroko lasterketa, eta Zubillaga bigarren izan zen. 2.42.47ko denbora egin zuen, lehen postuan helmugaratu zen Andrea Garay gasteiztarrarengandik 16 segundora. Hirugarren Combarieu Maud izan zen, irabazlearengandik minutu batera.

Emaitza honi esker, 48 puntu eskuratu zituen Zubillagak Goierriko Kopako trail modalitateko sailkapen nagusirako. Atzoko proba zen Kopako azkena, eta beraz, dagoeneko amaitu da. Azkenean, Zubillagak lortu du garaipena, 278 puntu lortuta; bigarren Andrea Garay izan da, 138 punturekin, eta hirugarren Janire Lopez, 114 punturekin.

Gizonezkoei dagokienez, bai trail modalitatean, baita esprint modalitatean ere, eskualdeko bi korrikalarik hirugarren postua lortu dute Goierriko Kopako sailkapen nagusian. Jon Zubeldia asteasuarra hirugarren izan da trail modalitatean, 122 punturekin. Sergio Serrano idiazabaldarra eta Jose Talavera zumarragarra sailkatu dira bere aurretik, hurrenez hurren, 189 eta 135 punturekin. Esprint modalitatean, berriz, Jokin Tolosa anoetarra hirugarren izan da, 136 punturekin. Bere aurretik sailkatu dira Mikel Zabalegi ordiziarra eta Mikel Usandizaga aiarra, hurrenez hurren, 140 eta 138 punturekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!