Jaka eta Altuna III.a finalerdietarako sailkatu dira

Ataria 2022ko irailaren 12a

CaixaBank Masters txapelketari asteburu bakarra geratzen zaio. Finalerdiak ostiralean jokatuko dira, hilaren 30ean, eta finala igandean, urriaren 2an. Hiru partidak Iruñeko Nafarroa Arenan izango dira. Erik Jaka eta Zabaletak Ezkurdia-Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari; Jokin Altunak eta Imazek, Irribarria eta Albisu.

Udako txapelketarik luzeenaren finalerdiak erabakita geratu ziren asteburu honetan. Eskualdeko bi ordezkari zeuden play off-etan, eta biek lortu dute aurrera egitea.

Erik Jakak eta Zabaletak euren partida galdu egin zuten, 22-17 Irribarria-Albisuren aurka. Hala eta guztiz ere, galtzaileen artean tantu kopurua begiratuta, aurrera egitea lortu dute. Urrutikoetxea-Rezusta izan ziren beste play off-eko galtzaileak. Jokin Altunak eta Ander Imazek 22-7 irabazi zien txapelketatik kanpo geratu diren bikoteari. Amezketarrak erakustaldia eskaini zuen partida horretan, lesiotik osatuta dagoela erakutsiz.

Finalerdiak eta finala

Irailaren 30ean jokatuko dira bi finalerdiak Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Jakak eta Zabaletak ligaxkako lehen sailkatuen aurka jokatuko dute: Ezkurdia-Mariezkurrena II.a. Altuna III.aren eta Imazen aurkariak Irribarria eta Albisu izango dira. Finala bi egun beranduago jokatuko dute leku berean partida horietako irabazleek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!