Emozio handiko bukaera

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 11a, 17:17

Orio eta Donostia Arraun Lagunak traineruak aritu dira Kontxako Banderaren lehian eta azkenean oriotarrentzat izan da saria. Bi klubetan eskualdeko arraunlariak daude.

Oso pozik zeuden Ohiane Iraola tolosarra eta Nagore Urdapilleta bidaniarra bandera irabazita. Iraolarentzat hirugarrena izan da eta Urdapilletarentzat lehenengoa. Ontzitik bertatik bizitu du gaurko estropada Iraolak: "Lehen irteera ez da balekoa izan, eta bigarrengorako saiatu gara burua hotz mantentzen. Bigarrengoan ere ondo atera gara eta abantaila lortu dugu ziabogan. Itzuleran pixka bat estu joan da, baina eutsi egin ahal izan diogu". Urdapilletak lehorretik jarraitu du: "Kanpotik ikusi da oso beroketa ona egin dutela, sentsazio oso onak ematen zituen ontziak, eta esan diogu lan horri jarraipena eman behar ziotela. Bukaeran estu samar sartu dira, baina konfiantzaz, eta esan diegu azken ehun metroetan gozatzeko".

Hiru urte geldirik egon ondoren, Oriora itzuli eta Euskotren Liga eta Kontxako Bandera lehen aldiz irabaztea "ez zaio edozeini gertatzen", esan du Urdapilletak. "Nik zorte hori izan dut, izugarrizko taldea osatu dela. Izugarrizko giro ona dago, elkarrengan konfiantza handia dugu eta elkarri lagunduz egin dugu urte hau, eta ezin dut gehiago eskatu". Bere aldetik, hirugarrena irabazita, ez du aurrera begira helbururik jartzen Iraolak: "Urtez urte joaten naiz, pausotxoak ematen. Luzera begira jartzen bazara, ez zara behin ere iristen". Aurtengo lorpenak "oso bereziak" izaten ari direla gaineratu du tolosarrak: "Lehenengo Liga eta Kontxa irabazi genituenean zerbait berria zen eta ez duzu hainbeste gozatzen, ez duzulako hainbeste barneratzen zer gertatu den. Bigarrenak irabazterakoan, COVID-19a zegoen, eta dena arraroa izan zen. Hirugarren aldi honetan gehiago gozatzeko aukera izan dut, eta gainera zaleen babesarekin". Urdapilletak lehendabizikoz ere bizitu du zale oriotarren 'marea horia': "Sekula ez dut horrelako ezer bizi. Izugarrizkoa da ikustea Orion nola bizitzen den arrauna; eta ez bakarrik hemen, Kontxan, igandez igande irabazi dugunean herriko plaza nola betetzen den, eta kaletik zenbat animo ematen dizkizuten... Sekulakoa da".

Ane Sanchez anoetarra eta Xubane Uribarrena lizartzarra izan dira Donostia Arraun Lagunak ontzian. Bigarren geratuta "penarekin" daudela dio Uribarrenak, "baina psikologikoki irabazle sentitzen gara. Ez aurreko igandean ezta gaurkoan ere ez dugu zorterik izan kaleekin. Gainera, irteera berriz egin behar izan dugu eta haizea guztiz aldatu egin da. Aquariumean beraien atzetik ginen, baina azken unera arte borrokatu dugu, parean ere izan gara, eta gure kasta erakutsi dugu eta horretaz oso harro gaude".

Ligan eta Kontxan bigarren izan ondoren, emaitzak hobeagoak izatea nahiago dutela gaineratu du lizartzarrak: "Kirolariak gara eta irabazteko entrenatzen dugu. Oso harro gaude denboraldi bukaeran eman dugun saltoarekin. Askok pentsatu zuten txikituta egongo ginela psikologikoki, baina erakutsi dugu Donostia Arraun Lagunak ontziak azken palada arte borrokatu duela denboraldian, eta talde honekin plazer bat da arraun egitea".

Aurreko urtean omenaldia jaso zuen Lizartzan Uribarrenak, Liga eta Kontxa irabazi ostean: "Oso polita izan zen. Badakit herriko jende askok babesten nauela, eta horrekin pozik gaude".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!