Lehen txandan atera dira Tolosaldea trainerukoak. Bosgarren geratu ziren lehen jardunaldian eta hirugarren postuaren bila joan dira. Bere txanda nagusitasunez irabazi dute, eta ohorezko txandaren zain geratzea egokitzen zitzaien. Ohorezko txandako Donostiarra eta Hondarribia zituen aurkari hirugarren postu horretarako. Ziabogako denborak ikusita Hondarribiaren aurretik egongo zirela ziurra zen, baina Donostiarrak itzulerako luzea hobea egin du, eta azkenean hirugarren postua eskuratu du sailkapen orokorrean. Banderaren lehian Orio eta Donostia Arraun Lagunak traineruek emozio handia eman diote ohorezko txandari. Orio gailendu da lehen luzean, baina Donostia Arraun Lagunak gerturatu egin zaio bigarrenean. Halere, Oriok eutsi egin dio bukaeran eta gaurko jardunaldia ere irabazi egin du oso gutxigatik.
Sailkapeneko hirugarren postua hain gutxigatik ez lortzea pena izan dela esan du Ramon Erostarbe Tolosaldea ontziko entrenatzaileak. "Kontuan izan behar da ez dela berdina lehen txandan erlojuaren kontra aritzea, eta bigarrenean beste traineruekin lehian eta besteen denborak jakinez", esan du. "Baina oso ondo aritu gara, hirugarren egin dugu gaur, eta hori ospatzekoa da. Ziabogan Oriorekin batera denbora onena egin dugu, Kontxako Banderaren irabazlearekin. Kontuan izan behar da atera dugun ontzia oso gaztea dela, eta horrek esan nahi du etorkizun handia dagoela".
Datorren asteburuan play-offa geratzen zaie, larunbatean eta igandean estropada banarekin. Deusto eta Tiran izango dituzte aurkari Euskotren Ligako plaza lortzeko borrokan. Tolosaldea faborito argia da irabazteko, baina Erostarbek adi egon behar dela dio: "Estropada egin behar da, egunean bertan erakutsi behar da. Mila gauza gertatzen dira eta urteko egunik txarrenak izaten dira. Dena ondo badoa ez dugu arazorik izan behar, baina beti zuhur jokatu behar dugu".
Maialen Amondarain tolosarra aritu da gaurkoan eskualdeko traineruaren patroi lanetan: "Estropada ona izan da eta pena da hiru ehuneko horiek. Gure helburua ere bazen disfrutatzea eta hori ere egin dugu". Erreferentziarik gabe zeuden ohorezko txandarekiko, eta horregatik beraien helburua izan da ahal den denborarik onena egitea, "hurrengoei gauzak zailago uzteko, eta hori lortu dugu, eta oso gustura gaude". Estropada bukatu eta gero, badian jarraitu dute, bigarren txandakoen emaitzen zain, eta "tarte txarra" pasa dutela esan du Amondarainek: "Esan digutenean ziabogan Oriorekin denbora berean geundela, ez genuen sinisten, eta egia esan tentsio handia bizitu dugu ontzian. Jakin dugunean hiru ehunekogatik ez garela izan hirugarren, momentuan atsekabetu gara, baina gustura gaude egindako estropadarengatik". Bere lehen aldia izan da Kontxan: "Arrapalako giro hori bizitzea izugarria da".
Sailkapena | Bigarren jardunaldia | Orokorra |
1. Orio | 10.36,80 | 21.14,32 |
2. Donostia Arraun Lagunak | 10.36,94 | 21.16,62 |
3. Donostiarra | 10.46,98 | 21.37,80 |
4. Tolosaldea | 10.45,00 | 21.37,83 |
5. Hondarribia | 10.58,48 | 21.48,95 |
6. Hibaika | 10.58,50 | 21.56,41 |
7. Cabo | 11.02,94 | 22.02,59 |
8. Chapela | 11.06,56 | 22.21,74 |
Gizonezkoetan, Urdaibai nagusi
Lehen jardunaldian ia zortzi segundoko abantaila lortu eta gero gizonezkoen Kontxako Banderan, Urdaibaik defentsa onena erasoa dela erabaki du eta gaurko jardunaldia irabaztera atera da, eta lortu ere egin du. Nagusitasunez irabazi du, eta bigarren izan da Donostiarra, sailkapen orokorrean bigarren eginez. Hain justu, Donostiarra klubean Joseba Larrarte billabonatarra eta Endika Lopez tolosarrak daude.