Elkarrizketa

Pako Etxeberria: “Lurperatzeko modu erraza zen: gorpuzkiak leizeetara bota, eta kito”

Asier Imaz 2022ko ira. 9a, 11:58

Aranzadi zientzia elkarteko kidea da Pako Etxeberria (Beasain, 1957). Bere ibilbide profesionalean hainbat kobazulo eta leize ezagutu ditu. Zaborrak inguru horietan duen presentzia ulertzea zail egiten zaiola esan du.

Zure esperientziatik, ohikoa al da kobazuloa eta zaborra elkarri lotuta joatea?

Urteetan Gipuzkoan egin dugun espeleologian ohikoa izan da zaborra aurkitzea. Leku zoragarrietan, inor pasatu ez ziren tokiak ziruditenetan, zaborra agertzen zen. Batzuetan, oso produktu kimiko kutsakorrak aurkitu izan dira. Denetik ezagutu dugu: hondakin industrialak eta txikiagoak, baina haiek ere arriskutsuak.

Zer ondorio izan ditzake ingurumenean?

Mendiko zulo edo leizeetan ura elkartuz joaten da, ondoren iturri edo iturburuetara jaisteko. Baserriek hortik daukate euren ur hornikuntza, baina badira iturburu horietatik edaten duten herriak ere. Beraz, norbaitek zaborra botatzen badu eta hori urarekin nahasten bada, gizakientzat edo animalientzat prestaturik dauden iturburuetara iritsiko da.

Memoria historikoari buruzko lanean, eraginik izan al du zabor mota honek?

XX. mendeko gertaeretara joaten baldin bagara, zehazki 36ko gerrara, gorpuzki asko leizeetan aurkitu ditugu. Lurperatzeko modu erraza zen: bertara bota, eta kito. Gorpuzki bat, bi edo zenbait lekutan hamar baino gehiago ere aurkitu izan ditugu. Hori harrigarria da, noski, baina baita ondoren zaborra bota izana ere. Zabor hori ez zen inguruko lurra, ez, mota guztietako zaborra zen. Baita animaliak ere. Agian, gaixo egongo ziren eta, probetxuzkoak ez zirenez, hara bota zituzten. Garai modernoagoetan, plastikoak eta etxetresna elektrikoak aurkitu izan ditugu. Noski, geure buruari galdetzen genion nola den posible hori; mendian galduta dagoen leize batera nolatan eraman du norbaitek hozkailu bat, leize batetik botatzeko. Memoria historikoarekin lotuta hori guztia bizi izan dugu, hain justu horregatik, iristea zaila den zirrikitu ilun eta sakon batek dena ezkutatzeko aukera ematen dizulako, izan gorpuzkiak edo izan zaborra.

Aranzadi elkarteak gertutik bizi duen egoera da, beraz. Alkizan, adibidez, Olatzazpiko kobazuloa auzolanean garbitu zuten, Jesus Tapia Aranzadiko arkeologoak gidatuta.

Kontuan izan behar da Aranzadin espeleologiak tradizio handia duela, elkartearen beraren sorreratik, Jesus Elosegi tolosarraren eskutik adibidez. Haiek mendira ez ziren joaten tontorra egitera soilik, edo paisaia ikustera. Gelditu behar zenean gelditu egiten ziren, eta ingurunea aztertu. Leku horiek gehienek ikusi ere ez zituzten egiten, eta hori, agian, ona eta dena da. Baina dena esan behar baldin bada, espeleologian ere egon dira arduragabeak: kobazulora joan eta pintaketak egin… edo estalagmitak eta estalaktitak apurtu gero etxera eramateko, gero interesa galtzen dutenean zakarretara botatzeko. Ez dago horrelako ezer egin beharrik, ez dago gure mendien barnealdea horrela eraldatu beharrik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!