Munduko Txapelketan iaz egindakoa hobetu nahi dute judokek

Ataria 2022ko irailaren 9a

Unai Regillaga eta Unai Saralegi, aurtengo Europako Txapelketan txapeldunorde.

Unai Saralegi eta Unai Regillaga Polonian izango dira datorren asteartean. Iazko Munduko Txapelketan lortutako hamahirugarren postua ontzeko asmoz joango dira.

Erronka berri bati ekingo diote Judo Klub Tolosako Unai Saralegi eta Unai Regillaga judokek. Nage No Kata modalitateko Munduko Txapelketan parte hartuko dute, asteartean, irailaren 13an, Krakovian (Polonia). Goizean kanporaketa jokatuko dute eta lehen sei sailkatuak arratsaldeko finalean izango dira. Iaz lortutako hamahirugarren postua hobetzeko asmoz joango dira, baina aurtengoan aurkari gogorragoak izango dira. «Iazko txapelketara ez ziren japoniarrak joan eta aurtengoan izango dira. Bestalde, lehengo urtean lesioarengatik joan ez zen bikote italiarra ere izango da. Bi horiek finalean sartzeko hautagaiak dira, eta iaz sartu zirenak ere bertan egongo dira», zehaztu du Saralegik. «Beraz, finalera sartzea bakarrik ez, lehen hamar postuetan sartzea ere oso zaila izango da».

Saralegik eta Regillagak, baina, bere alde dute pixkana pilatzen ari diren eskarmentua. Besteak beste, azken bi Europako Txapelketetan zilarrezko dominak lortu dituzte. «Saiatuko gara ezustekoa ematen», esan du Regillagak. «Aurreko Europako Txapelketan lortutako puntuazioa altua izan zen, eta azken hilabeteetan egindako lanak ea bere fruitua ematen duen». Saralegik gaineratu duenez, «jendeak ezagutzen gaitu, epaileek ezagutzen gaituzte, eta hori ona da. Bestetik, akatsa non egiten dugun ere badakite. Baina orain daukagun eskarmentuarekin beste lasaitasun batekin hartzen dugu txapelketa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!