Ander Barandiaran laugarren Ordiziako Gazta Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 7a, 15:25
Gazta txapelketako 14 finalistek diplomak jaso dituzte. Argazkia: A. Vierbücher / Goierriko Hitza

La Leze (Illardui, Araba) gaztandegiak irabazi du Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako Ordiziako 49. Gazta Txapelketa. Amasako Ander Barandiaranek laugarren egin du. Ez da lehen aldia lehiaketa horretan saritzen dutela, izan ere 2019an hirugarren saria jaso zuen.

Ordiziako 49. Gazta Txapelketa egin dute gaur, eta Amasako Ander Barandiaranek laugarren saria eskuratu du, honenbestez diploma eta 250 euro jaso ditu. Sari nagusia La Leze (Illardui, Araba) gaztandegiak irabazi du Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gaztarekin. Gazta Araban egiten badute ere, La Lezeko arduradunak, Eli Gorrotxategi eta Jose Mari Jauregi, goierritarrak dira. Diploma, Kutxa garaikurra, 1.750 euro eta Ordiziako irabazlearen 12.000 etiketa jaso dituzte gaztatan ipintzeko. Aipatu behar da, gazta ketu batekin irabazten duten lehen aldia dela.

Bigarren saria, Aixta gaztandegiarentzat (Araia, Araba) izan da. Bigarren sailkatuak Ordiziako Udalaren garaikurra, diploma eta 850 euro jaso ditu. Eta hirugarren saria, Otatza gaztandegi ordiziarrak irabazi du. Hirugarrenari dagokion Ordiziako Udalaren garaikurra, diploma eta 500 euro jaso ditu Joseba Insaustik. Azkenik, bosgarren saria Angel Lizoainentzat (Iragi, Nafarro) izan da, diploma eta 220 euro eraman dituelarik. Sari banaketaren ondoren ohiko enkantea egin dute eta Bastidako Bodegas Mitartek 9.600 eurogatik eraman du La Lezeren gazta erdia.

Aipatu behar da saririk jaso ez badu ere finalisten artean egon dela Berastegiko Gazpio gaztandegia. 48 gazta aurkeztu dira eta 14 izan dira finalistak. Sailkatuen artean bost izan dira gazta zuriak eta bederatzi ketuak. 14 finalistek diplomak jaso dituzte.

Gaztarenaz gain, lehiaketa gehiago ere egiten dituzte gaurko egunez, eta, hain justu, azokako aipamena jaso dute Baliarraingo Edurne Jauregik (Irabi Azpi) eta Ibarrako Montesek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!