Babestutako edukia

Ireki leihoa euskarari: eman izena euskaltegian

Ataria 2022ko ira. 7a, 10:00

Anoetan 2019an euskara ikastaroa hasi zuen taldearen artxiboko irudia.

Matrikulazio kanpaina martxan dute euskaltegiek, eta Uemako udalek dei egin dute izena ematera; aurten ere diruz lagunduko dute euskara ikastea.

Askotan esan da Euskal Herriko euskaldunenetakoa dela Tolosaldea: eskualdeko herritar gehienek badakite euskaraz, belaunaldi berrietan ia erabatekoa da euskararen ezagutza, eta oraintsu egindako neurketak erakutsi du eskualdeko kaleetan euskara entzuten dela gehien. Oinarri sendoa da. Baina oraindik badago non eragin, eta arlo horietako bat da euskalduntzea, euskara ikasi ez duten herritarrek pauso hori ematea. Euskaltegiek zabalik dute matrikulazio garaia, eta izena emateko deia egin dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko udalek.

Datu estatistikoen arabera, Tolosaldeko hamar herritarretik ia bik ez dute euskara ulertzen, eta beste hamarretik bat ez da euskaraz hitz egiteko gai, nahiz eta ulertzen duen. Ez da kopuru txikia: ia 12.000 lagun. Tolosaldean ere badago, beraz, euskaltegien beharra, eta, batez ere, herritar horiek euskara ikastera animatzeko premia. Izan ere, Tolosaldea euskalduntzen segitzeko eta euskararen erabileran pausoak emateko, behar da ahalik eta herritar gehienek euskaraz jakitea.

Tolosako Aitzol Udal Euskaltegiak eta AEK-k ematen dituzte eskolak Tolosaldean, eta ikasturte honetan ere maila guztiak ikasteko aukera izango da eskualdean, edozein herritarrentzat eskura.

Udalen laguntza
Urte hauetan milaka herritar euskaldundu dira euskaltegien bidez, eta ez leku erdaldunagoetan bakarrik. Uemak ikerketa batean azaleratu duenez, udalerri euskaldunetan ratio hobeak dituzte euskaltegiek: erdaldun bakoitzeko ikasle kopuru handiagoa da. Ez da harritzekoa: inguru euskalduna izatea bultzagarri da euskarara gerturatzeko, eta, are gehiago, euskara ikasteko ere oso mesedegarria da inguru euskalduna izatea. Tolosaldean bada, beraz, horretarako egokiera. 

Herritarrak animatzeaz aparte, euskara ikasteko prozesua errazten jarraituko dute aurten ere Uema-ko udalek, ikasleei diru laguntzak emanez, aurreko urteetan bezala. Gainera, diru laguntza horiek hobetzeko lanean ere ari dira Uema-ko udalak, Habe-rekin koordinatuta, euskara ikasteko asmoa duten guztiek horretarako modua izan dezaten. Erakundeei dagokie euskara ikasteko eskubidea bermatzea, eta, asmo horrekin, pauso gehiago emateko asmoa dute Uema-ko udalek.

Udaberrian, Hitzekin lelopean, eskualdean jendetza handia atera zuen Korrikak kalera. Udazkenean, Hitzez ekiteko garaia izango da Euskaraldian, eta milaka ahobizi eta belarriprest izango dira Tolosaldean. Orain ere bada ekiteko momentua: euskara ez dakitenek edo hobetu nahi dutenek, euskaltegira joz; eta euskaraz badakitenek, inguruan dituzten erdaldunak euskara ikastera animatuz eta ikasten ari direnekin euskaraz eginez. Euskarari leihoak zabalduz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!