Unibertsitatera sartzeko ikasketak doan, hogeita bost urtetik gorakoentzat

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 7a, 07:58

Tolosaldeko HHI-n hainbat ikasketa motaren artean aukera daiteke, tartean unibertsitatera sartzeko azterketa edota DBHko titulua eskuratzeko prestatzen dute.

Urteak daramatza Tolosaldeko HHI-k 18 urtetik gorako helduen hezkuntza iraunkorreko klaseen eskaintza egiten. Bi egoitza ditu Tolosaldean, bata Tolosan eta bestea Amasa-Villabonan. Bi hezkuntza mota eskaintzen dituzte, arautua eta ez arautua, eta matrikula egiteko epea hilaren 14an bukatuko da.

Ez arautuaren barruan eskaintzen dute, esaterako, 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko prestaketa izan daitekeen ikasturtea, edota, besterik gabe, ikasi nahi duten helduei bideratua dago. Bost irakasgai dira guztira: euskara, gaztelania, ingelesa, historia eta geografia. Gaur egun irakasgai guztietan matrikulatu behar da, eta astelehenetik ostegunera izaten dira klaseak; astean hamabost ordu. Arratsaldez izango dira klaseak Tolosako egoitzan. 

25 urtetik gorako edozein herritarrek eman dezake izena —paperik gabekoek ere eman dezakete—, eta klaseak doan dira. Unibertsitaterako sarbidea eskuratu nahi duten herritarrek maiatzeko lehen ostiralean egin behar izaten dituzte azterketak, eta hori unibertsitatetik bideratzen dute. Klaseak gaztelaniaz ematen dituzte, baina azterketak egiterako garaian ikasleek gaztelaniaz edo euskaraz egin ditzakete.  "Erretirodun batek eman dezake izena eta ez du zertan azterketarik egin behar, edota erreleboan dabiltzanak aste batean etortzen dira eta bestean ez", zehaztu du Ander Leon irakasleetako batek. Erraztasunak ematen dizkiete ikasleei.

DBH-ko titulua

Ikasketa arautuak DBHko ikasketak lortzera bideratuta daude; "bere garaian bukatzeko aukera izan ez zutenek aukera dute hemen", dio Leonek. "Eginak dituzten ikasketen arabera, talde batean edo bestean hasten dira" esan du, eta "ikasleek DBHko titulua lortzen dute". Kasu honetan, azterketak bertan egiten dituzte.   

Gradu eta modulu ezberdinak dituzte. "Askotan atzerritarrak etortzen dira eta  hizkuntza ez dakitenak izaten dira edo beste batzuk analfabetoak ere izan daitezke. Horiek behe-beheko mailatik hasten dira ikasten". Baina, bertakoak diren eta bere garaian ikasketak utzi zituztenak dira asko: "Lanbide Heziketako ziklo bat egin nahi dutelako, lanean eskatzen dietelako edo oposizioren batzuk prestatu behar dituztelako". Klaseak goizez Villabonan eta arratsaldez Tolosan eskaintzen dituzte, eta behar izanez gero, ikasleek aste bat batean eta bestea bestean egiteko aukera izaten dute.

Tolosaldea HHI

  • Tolosa. Igeralde kalea, 23. Telefonoa: 943 67 26 60. 
  • Amasa-Villabona. Errebote plaza (udaletxe azpian). Telefonoa: 943 69 03 12.
  • Matrikula egiteko epea. Irailaren 14a bitarte egin ahal izango da egoitzetan, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!