CaixaBank Mastersean eskualdeko biek aurrera egin dute

Ataria 2022ko irailaren 6a

Erik Jakak ostiralean jokatuko du play off-etako partida Zestoan; Jokin Altuna iganderako iragarrita dago Hondarribian, nahiz eta azken partida ez zuen jokatu.

Amaitu da udako txapelketarik luzeenaren lehen fasea. CaixaBank Masterseko liga sei bikoteak hasi zuten uztailaren 15ean, eta ia bi hilabete beranduago hurrengo fasean sartuko dira, play off-etan. Laso-Martija izan da kalean geratu den bikotea, beste bostek, oraindik txapela lortzeko aukerak dituzte. Tartean dira Jokin Altuna-Imaz eta Erik Jaka-Zabaleta. 


Hasteburu honetan play off-ak jokatuko dira, eta ondoren, finalerdiak. Hortik irtengo dira finala jokatuko duten bi bikoteak. 


Jakak eta Zabaletak Zestoan jokatuko dute hilaren 9an, 22:00etatik aurrera Irribarria-Albisuren aurka. Ligan hirugarren eta laugarren sailkatu dira bi bikoteak, hurrenez hurren. 


Altuna III.a eta Imazek Hondarribian izango dute play off-etako partida, Urrutikoetxea-Rezustaren aurka. Hauek ligan bigarren eta bosgarren postuan geratu dira. Amezketarra azken partidetan ez da kantxan izan, lesioagatik, baina iganderako enpresak osatu duen karteldegian azaltzen da. 
Bi partida horietako irabazleek elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan. Irabazlea finalera iritsiko da. 


Beste finalerdian Ezkurdia eta Mariezkurrena II.a daude, liga irabazi ondoren zuzenean sailkatuta. Hauen aurkaria play off-etako galtzaileetako bat izango da, hain justu, partida galdu arren tanto gehien egiten dituena. Bi galtzaileek tanto kopurua egingo balute, ligako sailkapenean hobekien geratu denak jokatuko du bigarren finalerdia. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!