Urrezko domina bana Larrarte eta Amondarainentzat

Ataria 2022ko irailaren 5a

Eukene Larrarte eta Naia Amondarain pistako Espainiako txapeldun izan dira asteburuan, Valentzian. Tolosarra kanporaketa proban izan da azkarrena; ibartarrak, berriz, puntuazio proba irabazi du.

Asteburuan, Pistako Espainiako Txapelketak jokatu dituzte Valentzian. Bertan izan dira Eukene Larrarte eta Naia Amondarain eskualdeko txirrindulariak. Tolosarrak Bizkaia Durango taldearekin hartu du parte, elite mailan; ibartarrak, berriz, Sopela Women's Team taldearekin aritu da, 23 urtez azpikoen mailan.

Lau probatan hartu dute parte Larrartek eta Amondarainek. Tolosarrak kanporaketa proban lortu du emaitzarik onena, urrezko domina alegia. Gainerakoan, laugarren izan zen jazarpenean, hamargarren scratch proban eta hamahirugarren puntuazioan.

Hain justu, proba horretan gailendu zen Amondarain. Ibartarrak 44 punturekin amaitu zuen 100 itzuliko lasterketa, eta urrezko domina eskuratu zuen. Bigarren sailkatuak 34 puntu lortu zituen. Gainerakoan, jazarpenean bosgarren izan zen Larrarteren atzetik, Scratch proban hamabigarren eta kanporaketan hamalaugarren.

Amondarain, Frantziara

Naia Amondarainek ez du atseden hartzeko tarte handirik izango. Bihartik astelehenera bitarte, Tour Cycliste Féminin International de l'Ardèche lasterketan parte hartuko du, Sopela Women´s Team taldearekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!