Eizagirre eta Sarasola, Euskal Herria Kopako txapeldun

Ataria 2022ko irailaren 5a

Argazkiak: Urola Kostako Hitza eta Real Sociedad

Realaren emakumezkoen lehen taldeak 4 eta 1 irabazi zion atzo Alavesi Azkoitiko Txerloia futbol zelaian jokatutako partidan. Izarne Sarasola ibartarra 68. minutuan zelairatu zen, eta Nerea Eizagirre tolosarrak partida osoa jokatu zuen.

Atzo jokatu zuten Realak eta Alavesek Euskal Herria Kopa Txapelketako finala Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Izarne Sarasolak eta Nerea Eizagirrek, talde donostiarrarekin jokatu zuten. Ibartarra bigarren zatian zelairatu zen, eta tolosarrak partida osoa jokatu zuen, taldeko kapitain modura; berak eman zuen, gainera, Realaren laugarren goleko pasea. Sari banaketan, Eizagirrek jantzi zuen txapela eta berak jaso zuen garaikurra.

Ohorezko sakea Reale Arenan

Asteburu borobila izan da Izarne Sarasolarentzat. Pasa den astean senide, lagun eta herritarrek egin zioten omenaldia Ibarran. Larunbatean, berriz, Reale Arena futbol zelaian izan ziren 20 urtez azpiko Munduko Kopan Espainiako selekzioarekin txapeldun izan ziren Realeko jokalariak. Realak eta Madrilgo Atleticok jokatu behar zuten partidaren atarian, omenaldia egin zioten zelaira gerturatu ziren jarraitzaile txuri-urdinek. Ibartarrak, gainera, ohorezko sakea egin zuen, jokalari, prestatzaile eta ikusleen txalo artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!