Datorren igandean hirugarren postua lortzera joango dira

Imanol Garcia Landa 2022ko ira. 4a, 15:12

Tolosaldea trainerua gutxigatik geratu da Kontxako Banderaren ohorezko txandatik kanpo, gaurko lehen jardunaldian bosgarren postua lortu eta gero.

Lehen txandan atera da Tolosaldea eta ia estropada guztia aurretik izan bada ere, itzulerako luzean, irlaren ondoren, Hondarribiak aurreratu eta azkenean bi segundoko tartea kendu dio. Bigarren txandan, Oriok eta Donostia Arraun Lagunakek erakutsi dute beraien artean jokatuko dutela bandera, eta Donostiarrak gutxigatik laugarren egin du, ohorezko txandan sartuz. Ramon Erostarbe Tolosaldea traineruko prestatzaileak garbi du: "Datorren igandean hirugarren postuaren bila joango gara". 

Erostarbek positibotzat hartu du gaurko estropada, "kontuan izanik bigarren txandan egin diren denborak. Izan ere, ohorezko txandan sartzetik bi segundotara geratu gara". Gaur atera duen eskifaia oso gaztea dela nabarmendu du, tartean bi jubenil zeudela aipatuz. "Oso kontentu nago egin dutenarekin, nola egin duten arraun, eta hurrengo igandean borrokatuko dugu postuak hobetzeko".

Ziabogan denbora onena egin du Tolosaldeak, Oriorekin batera, baina itzulerakoa ez da izan nahi bezalakoa, batez ere badia barruko zatia. "Lehen kalea txarrena omen da, baina gaurkoan ikusi da onena zela itzultzeko, batez ere Aquariumetik aurrera. Hondarribiak guk baino hobeto hartu du olatua. Gu pixka bat bigarren kale eta erdira joan gara, baina estropadetan gertatzen diren gauzak dira, eta ezin izan ditugu azkenean harrapatu. Kirolaren kontuak dira horiek", esan du prestatzaileak.

Azken zatian Hondarribiak aurreratu izana pena izan dela gaineratu du Erostarbek, kontuan izanik zer ontzi atera duten. "Donostiarrak Euskotren Ligako eskifaia atera du, eta bi segundo bakarrik atera dizkigu", zehaztu du. Bigarren txandakoek orokorrean espero baino denbora okerragoak egin ote dituzten galdetuta, Erostarbek azaldu du haizea altxatzen ari zela eta joaneko luzean kalte egingo ziela, "baina gero itzulerakoan ikusi da haizeak lagundu egin diela, eta marea ere jaisten ari ziren pixka bat eta oso azkar joan dira".

Erotarberk garbi zuen hasieratik Kontxako Banderan taldeko arraunlari guztiek parte hartuko zutela eta datorren igandean zazpi aldaketa egingo ditu. "Gaur arraun egin ez duenak datorren igandean egingo du. Gaur atera dugun ontzia bezain lehiakorra izango da. Emaitzei dagokionez, hirugarren postuaren bila joango gara".

Olaia Barriuso patroiak gidatu du gaur Tolosaldea trainerua. Bere lehen parte hartzea izan da Kontxako Banderan: "Disfrutatzera etorri gara eta nahiz eta gure estropada onena ez izan, giroak eta zaleen animoek poztu gaituzte". Ohorezko txandan sartzea espero zuten: "Azkenean bi segundotara geratu gara. Lehenengo luzea ondo egin dugu, gero pixka bat behera egin dugu, baina estropada bezala ez da txarra izan eta horrekin geratzen gara", azaldu du gaur egindakoaren inguruan.

Zaleen animoak gertutik jaso dituzte aurten Tolosaldea trainerukoek. Aurreko bi urtean ez bezala, zaleak portutik eta Paseo Berritik ibili ahal izan dira eta eskualdeko zaleek arraunlariak zoriondu dituzte bertatik bertara portuko arrapalan.

Lehen txanda Hondarribiak irabazi du, eta ondoren Tolosaldea, Hibaika eta Cabo iritsi dira. Bigarren txandan Orio nagusitu da, Donostia Arraun Lagunak bi segundotara geratu da, eta ondoren Donostiarra eta Chapela iritsi dira. Datorren igandean, bigarren jardunaldian, batez ere bi lehia izango dira. Batetik, bandera eskuratzeko lehia Orio eta Donostia Arraun Lagunak artean. Bestetik, hirugarren postua lortzearena Hondarribia, Donostiarra eta Tolosaldea artean. Ohorezko txandan Orio, Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia eta Donostiarra ariko dira, eta beste txandan Tolosaldea, Hibaika, Cabo eta Chapela lehiatuko dira.

Lehen jardunaldiko emaitzak:

1. Orio                                          10.37,52
2. Donostia Arraun Lagunak  10.39,68
3. Hondarribia                           10.50,47
4. Donostiarra                            10.50,82
5. Tolosaldea                           10.52,83
6. Hibaika                                    10.57,91
7. Cabo                                         10.59,65
8. Chapela                                   11.15,18

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!