ERREPORTAJEA

Iraileko igandeen plazer txikiak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 2a, 07:57
Zelatungo erromeria Hernioko gurutzearen 75. urteurrenean. UNAI SORARRAIN

Aspaldiko partez, igandean, iraileko lehen erromeria festa egingo da Zelatunen; bueltan dira iraileko igandeetan egiten ziren erromeriak.

Mendiak ematen ditu plazer txikiak, eta horien artean daude hainbatentzat sakratu diren iraileko igandeak. Igande bereziak. Bueltan dira Zelatungo erromeriak, eta horiekin batera mendia eta festa giroa. Tradizioari eutsiz, astelehenean, San Joan Txiki egunez eman zieten hasiera erromeriei, eta Aizpurutxo eta Itzeder trikitilariek apurtu zuten mendian izaten den isiltasuna. Hurrengo lau igandeetan ere festa izango da Hernio mendiaren magalean, eta trikiti doinuak izango dira, besteak beste, protagonista.



Batzuetan aldapak malkartsu suertatzen badira ere, merezi izaten du behin igo izanak ematen duen plazera sentitzea. Batzuk Zelatunen bertan geratuko dira, eta beste batzuk Hernioko gurutzeraino egingo dute bidea. 1.075 metro. Herniorako bidea leku askotatik egin daiteke, eta bakoitzaren esku izango da neurriko bidea aukeratzea. Asteasutik, Alkizatik, Hernialdetik, Albizturtik, Larrauldik, Bidaniatik, edota Tolosatik bertatik abiatu daiteke aldapan gora.

Izerditzea bera ere bada plazer; mendian gora edota Zelatunen dantza eginez. Plazera da tontorrera igo eta bertan arnasa sakon hartzea, paisaiaz gozatzea, patxada barneratzea... nahiz eta, iraileko igandeek lasaitasun hori apurtu egiten duten. Jendetsuena, beti, azken igandea suertatu ohi da. Eta nola ez, tontorra zapaldu edo ez, mendi bueltaren ostean jan ohi den ogitartekoa ere bada plazer. Horiek ere ez dira faltako lau igandeetan. Zelatungo bordetan prest izango dute guztia mendizaleen gosea eta egarria asetzeko.



Mendirako bidea bakarrik, lagun artean, bikotean, edo familian egiten da, eta horiek ere badira plazer txikiak. Eta askorentzat Zelatungo erromeria izango da egun-pasa antolatzeko aitzakia. Bidean sortzen diren hizketaldi, hausnarketa eta eztabaidak tarteko, arnasa estu sentitzea ere plazera da. Geldialdiek, irribarreek eta isiluneek ere izango dute tokia. Eta bakarrik doanak ere izango du zer hausnartua.



Aurten bete ditu Hernio puntan jarrita dagoen gurutzeak 75 urte, eta erromeriak egiten noiz hasi ziren jakiterik ez badago ere, hasieran erlijio arrazoiengatik hasitako festak gaur egunera egokitzen jakin du. Oraindik ere badira sinesmenari jarraituz eta tradizioari eutsiz bidea egiten dutenak. Hernioko gurutzearen azpialdean, geldialdia egiten dute, gurutzeak, zintzarriak eta koloretako zintak saltzen dituzten postutxoan. Urte batzuk atzera eginez gero, gehiago ziren; bai gailurrean, baita Zelatunen ere, baina, gaur egun Gloria Eskudero errezildarraren familiak bakarrik jartzen du postua.

Tradizioari eta sinesmenari eutsiz, behin Zelatundik gora igo eta postutxotik gertu, burdinazko bost uztaiak daude. Batzuk bost uztaiak pasatzen dituzte gorputzeko atal guztietatik, eta beste batzuk uztai bakarretik igarotzen dira hiru aldiz. Hezurrak indartzeko eta minak kentzeko balio omen du. Inguru horretan ohikoa da jendea pilatzea, eta uztaiak libratu zain egotea.

Batzuk goiztiar ibiliko dira, eta beste batzuk ez horrenbeste, baina guztientzako izango da tokia. Eguna luzatu nahi duenak aukera du Zelatunen, eta beti ere eguraldi ona lagun bada, eguzki epeletan zelaian eserita otordua egin, dantzariei begira egon eta momentuaz gozatzeko uneak izango dira. Edo zergatik ez, belarretan etzanda egoteko tentazioari muzin egingo ez dionik ere igoko da.

Baina Zelatungo erromerietan hutsik egiten ez dutenak trikitilariak dira. Egun bakoitzean bikote ezberdina ariko da Zelatuni doinua jartzen. Eta Zelatungo plaza dantzariak hartzeko zain egongo da. Arin-arin eta fandango, dantzarako plaza berezirik bada, horixe da Zelatun. Orekarekin dantzan aritzekoa.

 

ZELATUNGO ERROMERIAK

  • IRAILAK 4, IGANDEA. Erromeria Aitziber Arruabarrena eta Haritz Erasun trikitilariekin.
  • IRAILAK 11, IGANDEA. Laja eta Lutxurdio trikitilarien eskutik erromeria.
  • IRAILAK 18, IGANDEA. Ansorregi eta Larrañagarekin erromeria.
  • IRAILAK 25, IGANDEA. Azken erromeria Izer eta Alabier trikitilariekin.

 

GURUTZEAREN 75 URTEAK OSPATUTA

Uztailaren 31n 75 urte bete zituen Hernio puntan dagoen gurutzeak. Erniozaleak kultur elkarteak egun hori ospatu nahi izan zuen, eta ospakizun «xumea» antolatu zuten San Inazio egunerako.

Bere garaian gurutzea egin zuten, eta geroztik zaindu duten guztiak omendu nahi izan zituzten ekitaldiarekin. Behe laino artean bada ere, agurra dantzatu eta bertsoak abestu zituzten gurutzean bertan. Behin Zelatunera jaitsita, Zelatungo erromerien pareko festa egin zuten. Jan-edanik ez zen faltatu, eta ezta bertsorik ere. Baina hutsik egin ezin zutenak trikitilariak izan ziren. Egun tristea alaitu zuten, eta mendizaleek bikain erantzun zuten dantzan arituz.

Aldiz, elkarteak berak aurten 25 urte betetzen baditu ere, egun horretan, ibilbidea amaitu eta elkartea desegin zuten.

Argazkiak: Unai Sorarrain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!