Tolosaldeko ordezkariak Zinemaldian

Ataria 2022ko abu. 31a, 11:09

'Handia' filmak 2017ko Zinameldiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen.

Irailaren 16tik 24ra ospatuko da 70. Zinemaldia eta Tolosako Izaskun Arandia ekoizle eta gidoigileak, Joseba Usabiaga aktoreak eta Villabonako Nagore Muriel Letamendia zinema ikasleak hartuko dute parte.

Hamazazpi filmek osatzen dute Donostiako Zinemaldiaren 70. edizioko euskal ekoizpenen eskaintza eta Sail Ofizialean, New Directors-en, Zabaltegi-Tabakaleran, Nesten, Zinemiran, Euskal Zinemaren Galan eta EITB Galan egongo dira banatuta.

Tolosako Izaskun Arandiak eta Joseba Usabiagak Zinemiran hartuko dute parte. Zinemira euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostiako Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak antolatzen dute. Irizar eta EITB dira babesleak, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APV eta Ibaia ekoizle elkarteen eta Zineuskadiren laguntza du. Edizio honetan Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko zazpi film bilduko ditu. Horietako lau, Zinemaldian estreinatuko direnez, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetan dauden beste sei lanekin batera. Horrela guztira hamar ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria lortzeko filmaren ekoizlearentzat edo ekoizleentzat.

Hain zuzen,  El vasco filmak inauguratuko du Zinemira saila eta bertan hartzen du parte Tolosako Joseba Usabiaga aktoreak. Bermeoko Jabi Elortegik zuzendu du lana eta Usabiagarekin batera, Itziar Aizpuru eta Eduardo Blanco dira komedia dramatiko honetan parte hartzen duten aktoreak. Elortegi Zorion perfektua (2009) bere lehen lanarekin lehiatu zen Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean.

Izaskun Arandiak My Way Out ez-fikziozko lana aurkeztuko du. Ekoizle eta gidoigile tolosarra zuzendutako lehen lana da eta Londresen kokatuta dago. Pertsona transentzako klubaren historia berritu du artxiboko irudien eta elkarrizketen bidez.

Nest Sariari dagokionez, lehen aldiz zinema ikasleen film laburren lehiaketan euskarazko bi euskal ekoizpen lehiatuko dira eta horietako bat Villabonako Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi film laburra izango da. EHUko ikaslea da Muriel. Elias Querejeta Zine Eskolako Mikele Landa Egiguren Noizko basoa lana da beste euskal ekoizpena. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!