Malen eta Unai Zubeldia garaile, LXV. Laguna Negra Zeharkaldian

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 30a, 08:59

Tolosaldea IKT taldeko neba-arrebak azkarrenak izan ziren Angel Tejedorren Oroimenezkoan; Mattin Zubeldia (Malen eta Unairen senidea) hirugarren izan zen gizonezkoetan.

Vinuesako Udalak (Soria) antolatuta, eta Soriako Igeriketa Federazioak eta Soriano Igeriketa Taldeak lagunduta, abuztuaren 7an ospatu zen lasterketa. Guztira, 173 igerilarik hartu zuten parte, 230 metroko lasterketan. Horien artean izan ziren Unai, Malen eta Mattin Zubeldia Oteiza anai-arrebak eta Eider Sorron, guztiak Tolosaldea IKT taldeko igerilariak.

Gizonezkoen mailan lehia oso estua izan zen, baina azkenean Unai Zubeldia Oteiza izan zen azkarrena. 2 minutu eta 57 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Segundo bakarrera heldu zen bigarren sailkatua, Soriano Igeriketa Taldeko Sergio Martin. Hirugarren, berriz, Mattin helmugaratu zen, anaiarengandik bost segundora.

Emakumezkoetan, bestalde, Malen Zubeldia Oteiza helmugaratu zen lehen postuan. 3 minutu eta 50 segundoko denbora egin zuen. Bere atzetik, Logroño taldeko Alba Romero eta Arenas taldeko Carla Cebollada helmugaratu ziren, hurrenez hurren, lau eta zortzi segundotako atzerapenarekin. Tolosaldea IKT taldeko Zuatz Otieza zazpigarren izan zen, 4 minutu eta 30 segundoko denborarekin.

Benjamin mailan, Tolosaldea IKT taldeko Eider Sorron hirugarren izan zen. Minutu bat eta 10 segundo behar izan zituen 50 metroko ibilbidea osatzeko; irabazlearengandik 14 segundora helmugaratu zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!