Mendi irteera pirinioetara, Alpino Uzturrerekin

Ataria 2022ko abuztuaren 29a

Alpino Uzturre Mendi Elkarteak irteera antolatu du pirinioetara irailaren 10erako eta 11rako. Erreserba 15 lagunentzako denez, aurrez izena ematea eskatu dute.

 

Irailaren 10an (larunbata) irtengo dira Tolosako San Frantzisko eliza atariko autobus geltokitik, 6:30ean. Txangoa Lizara aterpean (1.540 m.) hasiko da, eta Canfranc herrian (1.045 m.) amaitu, Collado del Bozo lepotik (2.019 m.) eta Majada de Gabarditotik (1.520 m.) igaro ondoren. Mendi txango hau GR-11 ibilbidearen 11. etaparen bide alternatibo bat da. 18 kilometroko ibilbidea da, 890 metroko desnibel positiboarekin, eta 6 ordu eta erdian burutzea aurreikusten dute.

Irailaren 11n, berriz, Astun eski estazioan (1.730 m.) hasiko dute txangoa, eta Ayous aterpetik (1.967 m.) eta Chemin de la Maturetik (798 m.) igaro ondoren, Etsaut (594 m.) frantziar herrian amaituko dute. Mendi txango honen bigarren erdia GR-10 ibilbidearen 33. etapa da. 21 kilometro ditu, 501 metroko desnibel positiboarekin, eta 6 ordu eta erdian egitea aurreikusten dute.

Mendizaleek Aysa aterpetxean (Candanchu-Somport) pasako dute gaua. Bertan ur edangarria, dutxa, taberna, wi-fi zerbitzua eta telebista dituzte. Prezioa 70 eurokoa da (autobus bidaia eta aterpean pentsio erdia). Aterpetxeak 15 lagunentzako toki mugatua du; beraz, parte hartu nahi dutenek, aurrez eman behar dute izena irailaren 7a baino lehen. 

Informazio gehiagorako edota izena emateko hiru aukera daude: Alpinouzturre.eus webgunean, info@alpinouzturre.eus emailera oharra bidaliz edota 943 652 789 telefonora deituz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!