Bidaniako jaiak 2022

Arratsalde borobila izan dute Bidanian, kirolez betea

Leyre Carrasco 2022ko abu. 28a, 21:20

Bidaniako festen azken egunean, berastegiarren, oiartzuarren eta bidaniarren arteko desafioa jokatu dute; eta ondoren, albizturtarrek eta herriko gazteek herri kirol saioa eskaini dute.

Festetako azken egunera arte indarrak gordeta izan dituzte Bidanian, kirolez betetako arratsaldea eskaini baitute. Lehenik, Berastegi, Oiartzun eta Bidaniako gazteen arteko desafioa jokatu dute. Lau ziren egin beharreko lanak: ergometroa kilometro bat, bizikletan bi kilometro, korrika frontoi inguruan bi buelta eta gurpila arrastan eramatea bi plaza. Kirol bakoitza behin egin ondoren, bigarren buelta egin dute kirol berberekin. 

Berastegitik Julen Aranalde (ergometron), Arkaitz Garmendia (bizikletan), Egoitz Agirrezabala (korrika) eta Iñigo Lezea (gurpilakin) aritu dira; Oiartzunetik Jon Etxebeste (ergometron), Igor Zarrazkin (bizikletan), Ekaitz Salaberria (korrika) eta Aitor Estepano (gurpilakin); eta Bidaniatik Iñaki Elola (ergometron), Joseba Zinkunegi (bizikletan), Auritz Otaño (korrika) eta Joseba Otaño (gurpilakin). Lehia estua izan den arren, Berastegiko gazteek irabazi dute, bigarren bidaniarrak egin dute eta azkenak oiartzuarrak.

Horren ostean, Albizturgo eta herriko gazteek herri kirol saioa eskaini dute, eta tartean, Amundarain eta Otaño aizkolariek eta Goenatxo III.a eta Galarraga harri-jasotzaileek hartu dute parte. Azken hauek erakustaldia egin dute lehenik, eta Albiztur eta Bidaniako gazteekin batera erreleboka aritu dira ondoren.

Errelebotan hiru buelta egin behar izan dituzte, eta zazpi ziren egin beharreko lanak: aizkoran korte bat, sei jasoaldia harriarekin, trontzan hiru korte, lokotxak biltzea, ingudeakin hogei kolpe, txingakin bi plaza eta hiru buelta korrika. Amaitzeko, taldekide guztiek, harri jasotzaileak eta aizkolariak barne, plazari buelta bat eman behar izan diote; guztira hogei buelta. Azken honetan ere lehia estua izan dute, eta azkenean, albizturtarrak izan dira azkarrenak.

Arratsaldea borobila izan dute, kirolez betea. Trikitilariak izan dituzte jarraian, eta haiekin datorren urtera arte agurtu behar izan dituzte festak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!