Bazekiten ez zela erraza izango, sufritzea egokitzen zitzaiela, baina Tolosaldea traineruko arraunlariek hori egiten ere badakite. Atzo, Donostiarraren aurretik amaitzea zen egin beharreko lana, jaitsierako playoff-a ekiditeko aukerekin jarraitu ahal izateko. Eta hala egin zuten. XIV. Zarauzko Ikurrina banderaren lehen jardunaldian zakar zegoen itsasoa, eta ez zen erraza ontzia nahi bezala bideratzea, baina eskualdeko arraunlariek estropada oso ona egin zuten.
Lehen paladetan donostiarrak jarri ziren aurretik. Une batez, Tolosaldea atzean geratzen ari zela zirudien, baina minutuek aurrera egin ahala, Ramon Erostarberen neskek, erritmoa bizitu eta egonkortu zuten; hala, ziabogara heltzerako Donostiarraren aurretik jarri zen Tolosaldea. Hiru segundokoa zen aldea balizan, baina eskualdeko arraunlariek ez zuten biraketa ona egin; donostiarrena, behintzat, hobea izan zen. Edonola ere, aldea mantentzea lortu zuten.
Bigarren luzean, lehenengoan bezain beste sufritu zuten Tolosaldeakoek, batez ere, jarraitzaileek eta lehorrean zeuden arraun elkarteko kideek. Minutuek aurrera egin ahala, Donostiarrarekin zuten lehia estuagoa zen. Momentu batzuetan, aldea murriztea lortzen zuten; beste batzuetan, Tolosaldea zen alde horri segundoak gehitzen zizkiona. Azkenean, eta arraun zale guztien onerako, Tolosaldea hobea izan zen, eta hirugarren postuan sailkatuta, Donostiarrak baino puntu bat gehiago lortu zuen.
Ondorioz, une honetan, puntu bakarreko aldea dago bien artean; 20 ditu Donostiarrak, Tolosaldeak, berriz, 19. Gaurko jardunaldiaren ondoren, biek 21 punturekin amaitu dezakete liga, baina kasu horretan, Donostiarra izango litzake kaltetua, eta Tolosaldeak ez luke playoff-a jokatu beharrik izango. 11:40ak aldera hasiko da estropada Zarautzen.
Edozer gerta liteke, beraz. Kale edo bale. Hauxe da duela asteburu batzuk Tolosaldeak amestu zezakeen egoerarik onenetarikoa. Hauxe da aprobetxatu behar duen unea, hartu behar duen olatua. 28 herrien babesa izango du, paladaz palada, helburua lortu ahal izateko. Zaila da bai, baina ez ezinezkoa.