Junior mailako Munduko Txapelketarako hautatua izan da Urko Vidal

Ataria 2022ko abu. 19a, 12:42

Urko Vidalek pistako Espainiako Txapeketan hartu zuen parte, urtarrilean, Euskal Herriko selekzioarekin.

Txirrindulari berastegiarrak Espainiako selekzioarekin lehiatuko du abuztuaren 23tik 27ra Tel Aviveko (Israel) belodromoan jokatuko den pistako txapelketan; Eukene Larrarte tolosarrak eroriko larria izan zuen Munichen (Alemania) jokatu ziren Europako Txapelketan.

Espainiako Txirrindularitza Federazioak atzo eman zuen jakitera, datorren asteartetik larunbatera bitarte, Tel Aviven (Israel) jokatuko den junior mailako pistako Munduko Txapelketan parte hartuko duten txirrindularien zerrenda. Izen horien artean, Urko Vidal berastegiarra dago. Vidalek bi probatan hartuko du parte. Batetik, bakarka ariko da kanporaketa proban. Bestetik, taldekako jazarpen proban parte hartuko du ondorengo taldekideekin: Beñat Garaiar, Jose Segura eta Alvaro Navas.

Uztailean, junior mailako Europako Txapelketako lehiatu zen, tartean, Munduko Txapelketan parte hartuko duen bi probetan. Taldekako jazarpen probako sailkapen lasterketan, zazpigarren izan zen Espainiako selekzioa. Bakarkako kanporaketa proban, aldiz, erorikoa izan zuen Vidalek, eta hemeretzigarren amaitu zuen. Proba horiez gain, bakarkako jazarpen proban ere parte hartu zuen berastegiarrak, hemezortzigarren sailkatuz. Ekainean, berriz, Gipuzkoako Itzulian (errepidean) lehiatu zuen Vidalek, eta mendiko sailkapen nagusiko onena izan zen. Aurrez, urte hasieran, pistako Espainiako Txapelketan, hirugarren izan zen Omnium proban.

Larrartek, eroriko larria

Pasa den astean, elite mailako pistako Europako Txapelketa jokatu zen Munichen (Alemania), eta bertan izan zen Eukene Larrarte txirrindulari tolosarra. Emaitza onak lortzeko esperantzarekin joan zen Larrarte txapelketara; gauzak, ordea, ez ziren aurreikusi bezala joan. Taldekako jazarpen proba izan zen lehen lasterketa tolosarrarentzat. Tania Calvo, Isabel Martin eta Ziortza Isasi izan zituen taldekide, baina ez zuten lehen txandara igarotzea lortu, eta azkenean bederatzigarren izan ziren.

Bakarkako kanporaketako proba izan zen tolosarraren hurrengo lasterketa. Lehen itzulietan, tropelaren atzealdean ibili zen Larrarte, eta halako batean, postu batzuk aurrera egin nahian ari zela, eroriko larria izan zuen. Kolpe handia jaso zuen sorbaldan, eta ezin izan zuen lasterketa amaitu. Min handia zuen tolosarrak, hala ere, medikuek egin zizkioten azterketetan ez zuten artikulazio arazorik ezta hezur hausturarik antzeman.

Erorikoaren ondorioz, hurrengo egunetan, Larrartek ezin izan zuen Tania Calvorekin batera Madison proban parte hartu, ezta ere bakarkako Omnium proban ere; azken honetan, Calvok ordezkatu zuen tolosarra.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!