Bigarren postua lortu dute Almitzako emakumeek

Ataria 2022ko abuztuaren 17a

Almitza sega elkarteak Alemaniako Thundorf-Ainring herrian Europako taldekako sega txapelketa jokatu berri du, eta emakumezkoen mailan bigarren postua eskuratu dute euskaldunek.

Igandean jokatu zen Bavarian Europako taldekako sega txapelketa. Bertan aritu ziren Suitza, Hego Tirol, Austria, Bavaria eta Euskal Herriko segalariak. Gizonezkoen mailan lehen hirugarren postuak austriarrek bete zituzten. Euskal gizonezkoen taldeak seigarren egin zuen. Emakumezkoen mailan ere lehen postua austriarrentzat izan zen, bigarrena euskal emakumeen taldearentzat eta hirugarrena suitzarrentzat. Gazteen mailan euskal taldeak bigarren egin zuen maila bikaina erakutsiz.

Almitza sega elkarteak txapelketako balorazio positiboa egin du: “Ekitaldi jendetsua, antolakuntza paregabea eta kirol maila ona izan dira. Azpimarratzekoa izan da Europako herrialde hauengandik euskaldunok jaso dugun tratu bikaina. Oso pozik eta eskertuta gaude”.

Dokumentala

Bidaia horretan ere On Produkzioa ‘Aztala lurrean’ izeneko dokumentala grabatu du; astelehenean bukatu zuten grabazioa, hain zuzen. Bertan, bidaia eta txapelketako hainbat irudi jaso dituzte, sega Europan nola dagoen erakusteko. 

Argazkiak: Almitza sega elkartea eta On produkzioa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!