Tolosaldea laugarren izan da Ondarroan

Ataria 2022ko abuztuaren 13a

Beste egun batez, azken postuan sailkatu da eskualdeko trainerua; ezin izan du Donostiarra trainerua gainditu, eta beraz, hiru puntukoa da bien arteko aldea sailkapen nagusian.

Ondarroan jokatu da gaur Euskotren Ligako jardunaldia eta Tolosaldea laugarren izan da. Indartsuagoak izan dira ligako beste hiru traineruak, eta lehen txanpatik aldea atera diote eskualdeko traineruari. Donostiarrak, Tolosaldearen aurkari zuzenak, eutsi egin die Orio eta Arraun Lagunak traineruei lehen luzean, baina bigarrenaren hasieran atzean geratzen hasi dira; hala ere, estropada amaieran pixka bat igo dute erritmoa eta estutu egin dituzte aurkariak. Tolosaldeak, gainera, ez du ziaboga batere ona egin, eta ordurako segundo batzuk atzetik bazen, gehiago aldendu da gainerako traineruetatik.

Bihar Castron izango da estropada, VII. Caixabank Bandera. Orio matematikoki izan daiteke ligako garaile, eta Tolosaldeak Donostiarraren aurretik amaitzen badu, gertuago izango du helburua, jaitsierako kanporaketara ez sailkatzea, alegia. Ezinezkoa dirudien arren, oraindik aukerak dituzte eskualdeko arraunlariek. Hurrengo asteburuan, Zarautzen izango dira bi estropadak.

IV. Ondarroako Banderaren sailkapena:

  1. Orio: 10:38.24
  2. Arraun Lagunak: 10:41.48
  3. Donostiarra: 10:44.06
  4. Tolosaldea: 10:49.18

Euskotren Ligako sailkapena:

  1. Orio: 42
  2. Arraun Lagunak: 35
  3. Donostiarra: 18
  4. Tolosaldea: 15

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!