Salbuespen politikarekin bukatzeko eskatuko du Etxeratek hondartzetan

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 3a, 12:59

Eskualdeko Etxeratek igandean hondartzetan mobilizatzeko deia luzatu die herritarrei; besteak beste, Orion autopista azpiko zubian, Zarautzen Musika plazan eta Donostian Nautikoan izango dira elkarretaratzeak 12:00etan.

Etxeratek Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hamabost hondartzatan egingo ditu mobilizazioak igandean Salbuespen politikari Stop lelopean. Espainiako eta Frantziako estatuek oraindik aktibo dituzten presoen aurkako salbuespen neurriak behin betiko amaitu daitezen eskatuko dute elkarretaratzeetan. 12:00etan hasiko dira elkarretaratzeak, besteak beste, Orioko autopista azpiko zubian, Zarauzko Musika plazan eta Donostiako Nautikoan.

Etxeratek uste du, oraindik ere beharrezkoa dela euskal gizartea aktibatzea, nahiz eta egoera nabarmen hobetu den azkenaldian. Senideek emandako datuen arabera, 180 presoetatik 98 euskal espetxeetan daude eta hirugarren graduan aurrera egiten ari dira horietako asko, "behar baino gutxiago izan arren". Etxeraten esanetan, 22 preso baino ez daude hirugarren graduan eta 122k egon beharko lukete. Aldi berean, legedi arrunta aplikatuko balitzaie, 151 presok baimenekin espetxetik ateratzeko aukera izango lukete, baina seiri baino ez zaie baimena eman.

Etxeratek premiazkotzat jo du beste hainbat egoerarekin amaitzea eta 70 urtetik gorako 7 euskal presoak berehala aske uztea, baita 65 urtetik gorako beste 10 presoak ere. Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Unai Parotek 32 urte baino gehiago daramatzate espetxean eta haien egoerari irtenbidea ematea eskatu dute senideek, baita 24 erbesteratuen eta 8 deportatu politikoen itzulera erraztea ere.

"Ezin dugu beste hiru hamarkada itxaron blokeoak eta eskubideen urraketak gainditzeko. Ezin da euskal gizartea kondenatu bizikidetzaren eraikuntza mugarik gabe atzeratzea", esan dute Etxerateko eledunek. "Ez gara onurez ari, dagozkien eskubideak dira, eta euskal gizarteak ezin du onartu eskubide hauek behin eta berriz urratuak izatea".

Salbuespenezko espetxe politikaren biktimatzat hartu dute euren burua senideek. "Sufrimendua, gastu ekonomiko handia, ehunka zauritu eta 16 pertsona hil baitira dispertsioaren erruz". Uztailaren 17an Itziar Moreno euskal presoaren lagun batek Roazhongo espetxera (795 kilometro) bidean izandako istripua gogoratu dute senideek.

Presoen Euskal Herriratzeak

Espainiako Espetxe zuzendaritzak beste 12 euskal presoren hurbilketaren berri eman du. Horien artean dago Juan Carlos Besance billabonatarra. Dueñasetik (Palencia, Espainia) Euskal Herrira ekarriko dute. Oraindik ez dute zehaztu zein espetxetara leku aldatuko duten.

Sarek jakinarazi du, gaur egun 60 preso baino gutxiago daudela Euskal Herritik kanpoko espetxeetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!