Garridok bigarren urrea eskuratu du Eslovakian

Ataria 2022ko uztailaren 30a

Tolosaldea IKTko igerilariak 100 metro bizkar estiloan 1'02''28 denbora egin du, Euskadiko errekor absolutua ezarriz. Espainiako estatuan 15 urtekoen artean ere berea da errekorra. 

Tolosaldea IKT taldeko Nahia Garrido Malvar igerilaria infantil mailako Europako FOJE (Festival Olímpico de la Juventud Europea) txapelketan ari da parte hartzen. 100 metroko bizkar igeriketa proban lehenengo tokian sailkatzea lortu du 1'02''28 denbora eginez, eta honenbestez, Euskadiko errekorra ezarri du kategoria horretan. Bigarren urrezko domina jantzi du eskualdeko igerilariak 200 metro bizkar estiloan ere irabazi baitzuen urrezko domina asteartean.

Bide batez, Garridok 4x100 metroko proban ere parte hartu du, erreleboka. Tximeleta estiloan aritu da IKTko igerilaria eta Espainiako taldeak zilarra lortu du proba horretan. 

Jaialdi Olinpikoan selekzioka jarduten dute gazteek kirol ezberdinetan. Espainiakoak euren selekzioan parte hartu duten kirolarien artean onena izendatu du eta gaurko itxiera ekitaldian bandera eramango du Garridok. 

Europako onenak

Europako Gaztediaren Jaialdi Olinpikoa Eslovakiako Banska Bystrica hirian egiten ari dira. 14 eta 18 urte arteko Europako kirolari onenak parte hartzen ari dira. Espainiako Igeriketa Federazioak 16 igerilari deitu ditu eta euskal herritar bakarra Tolosaldea IKT taldeko igerilaria.

Europako Gaztediaren Jaialdi Olinpikoa 1990ean sortu zen, Europako Batzorde Olinpikoen Elkarteen eskutik. Europako kirolari gazteei zuzendutako ekitaldi nagusia da. Bi urtean behin egiten da, neguan eta udan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!