Tolosaldeko ESI erakunde sanitario integratuko 11 zentro itxita daude udan

Ataria 2022ko uztailaren 29a

Eskualdeko 11 herritako kontsultorioek ez dute zerbitzua eskainiko udan; Tolosaldeko ESI-ko barruan dagoen Andoaingo osasun zentroaren ordutegia ere murritzagoa izango da irail erdialdera arte.

Joan den astean Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorra deitzeko eskatu zuen EH Bilduren talde parlamentarioak,  Gotzone Sagardui Osasun sailburuari eta Osakidetzako arduradunei Osakidetzaren egoerari buruzko azalpenak eskatzeko. Eusko Legebiltzarreko Mahaiak ez du «premiarik» ikusi gaiari heltzeko, eta Sagarduiren erantzuna idatziz iritsi da legebiltzarrera. Idatzizko erantzun horren arabera, hamalau zentro itxita daude uda garaian eta horietatik 11 Tolosaldeko ESI erakunde sanitarioan integratutako zentroak dira; ekainaren 22tik irailaren 22ra bitarte egongo dira itxita, eta Jaurlaritzaren hitzetan, «astean ordubetez edo bi orduz zerbitzua» eman ohi duten zentroak dira gehienak.

Udan itxita egongo diren zentroak zeintzuk izango diren galdetuta, Tolosaldeko ESI-ko arduradunek ez dute argibide gehiago eman nahi izan. Legebiltzarrean eskaini duten informazio dokumentatuari baino ez diote erreferentzia egin. Bertan aipatzen denez, Tolosaldeko ESI erakunde sanitario integratuan 26 zentro daude: anbulatorio bat, 4 osasun etxe eta 19 kontsultorio. Kontsultorio horietako 11 itxiko dituzte uda sasoian eta beste baten ordutegia murriztuko dute, 15:00ean itxi beharrean, 11:00etan itxiko dute. Tolosaldeko ESI-aren barruan dagoen Andoaingo osasun zentroaren ordutegia ere murritzagoa izango da udan, 17:00etan itxiko dute, 20:00etan beharrean.

Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei zentrotan, gainera, ez da medikurik ari lanean; erizainak soilik daude. Osasun Sailak dio aurreikuspen horiek «bajen eta lanerako itzuleren arabera» moldatzen ari direla.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!