erreportajea

Hernioko gurutzeak 75 urte

Irati Saizar Artola 2022ko uzt. 28a, 07:59

Erniozaleak kultur elkarteak urteurrena ospatzeko festa antolatu du igande honetarako; kultur elkarteak bere ibilbidea egun horretan amaituko du.

Uztailaren 31n, igandean, 75 urte beteko dira Hernio puntan dagoen gurutzea inauguratu zenetik. Erniozaleak kultur elkarteak egun hori ospatu nahi du , eta «zerbait xumea» antolatu dute San Inazio egunerako. Elkarteak berak 25 urte betetzen ditu aurten, eta egun horretan, ibilbidea amaitu eta elkartea desegingo dute.

Txistulari eta dantzarien eskutik, aurreskua egingo dute 10:30ean, gurutzearen parean. Ixidro Lertxundi Erniozaleak kultur taldeko kideak aurreratu duenez, dantzarekin batera, pare bat hitz egingo dituzte, orain arte elkarteak egin duen lana adierazteko. Eta ondoren, Zelatungo bordarekin hitz eginda, festa egingo dute Zelatunen. Parrila piztuko dute eta sardinak erreko dituzte bertaratzen direnentzat. 11:00etatik 13:00etara izango da hori, eta ondoren, Zelatungo betiko martxari jarraituz, nahi duenak bordan bazkaltzeko aukera izango du eta erromeriarik ez da faltako.

1947TIK ZUTIK

San Inazio egunez inauguratu zuten Hernioko gurutzea, duela 75 urte. Lertxundik kontatu duenez, Aiako eta Asteasuko luistarren kongregaziokoei bururatu zitzaien Hernio puntan gurutze bat zutitu behar zutela. Luistarren kongregazioa ezkondu bitarteko gizonek osatzen zuten, eta emakumeetan Mariaren alabak deiturikoak izaten ziren. Kasu honetan, luistarrak izan ziren gurutzea jartzen aritu zirenak. «Aia, Errezil eta Asteasuko herritarrak mugitu omen ziren gehien», esan du Lertxundik.

«Gurutzea egiten aritu zirenek kontatua da gurutze horrek gora adina duela behera, hormigoia sartuta». Gaurko makinaririk ez, eta «lan handia» hartu zutela dio zulo hori han puntan egiteko. Gurutzea egin zutenek istorio «harrigarriak» kontatzen zituztela gogoan du Lertxundik: «Gurutzea altxatzeko burdina eskatzera Patrizio Etxeberriarengana joan omen ziren, hark utzi omen zien gurutzea egiteko beharrezko burdina». Gero, lan guztia bertan egin behar izan zuten: esaterako, hormigoia egiteko materiala bertan txikitu zuten. «Lan handia eman ziena porlana eta ura hara gora igotzea izan omen zen. Eta aldamioa egiteko ere bertako basoko egurra erabili omen zuten».

Berrogeita hamar urteren ondoren, Erniozaleak kultur elkartea sortu zen, urteurren hori ospatzeko aitzakian. Hernio inguratzen duten zortzi herritako ordezkariak biltzen ditu elkarteak: Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde, Albiztur, Bidania-Goiatz, Errezil eta Aia.

Berrogeita hamargarren urteurren horretarako, gurutzea konpondu zuen elkarteak: tximistorratza jarri zuten. «Tximistek kalte handiak eragiten dituzte, eta tximistorratzik jarri izan ez bagenu eta beharrezko mantenua eman ez balitzaio, seguru asko honezkero puskatuta egongo zen». Berrikuntzak egiten joan dira urte hauetan, eta horrela lagundu zaio zutik eusten.

«Gurutzea egiten aritu zen batek esan zidan 50. urteurrenean, meritu handia izan zutela garai hartan horrelako gurutze bat zutitzeagatik, baina gurutzea egiteari adina meritu ematen zion 50 urte haietan zutik mantentzen jakin izan zutelako». Lertxundik ere garrantzi berezia ematen dio mantentzeari, eta gustatuko litzaioke 100. urteurrenera zutik iristea ere. «Badago jendea bere bizitzako denbora bat hartu duena sinbolo hori behar bezala mantentzeko, eta hori eskertzekoa da».

Gurutzea konpontzearekin batera, 50. urteurrenerako, burdinazko uztaien ondoan dagoen borda ere berritu zuen Erniozaleak elkarteak. «Zortzi udaletatik laguntza jaso genuen eta bestelako diru laguntzak ere izan genituen borda berritu ahal izateko». Ospakizun horretara gurutzea egiten aritu zirenak zein haien senitartekoak gonbidatu zituzten eta omenaldia egin zieten.

ELKARTEAK 25 URTE

Behin elkartea sortuta, ez dira geldirik egon. Esaterako, Ernio inguruan izeneko liburu bat argitaratu zuten 1999an, mendi horren bueltan dagoena ezagutarazteko. Liburu hori egin aurretik, ibilbide batzuk sortu zituzten, inguruko herrietatik Hernio puntarako bideak zehaztuz, eta ibilbide horiek jasoz eta zortzi herrietako historia kontatuz argitaratu zuten liburua.

Horrez gain, Erniopeko zortzi herrien arteko mendi martxa antolatu izan dute azken urteetan. Urtero hasi ziren egiten, eta bi urtetik behin egitera pasa ziren gero. Ibilbide luzeaz gain, laburra ere prestatu zuten, «mendi martxa denei begirakoa izateko». «Azken urteetan, ordea, geroz eta jende gutxiago animatzen zen, ohiturak aldatuz joan direlako, besteak beste». Azkena, 2018an egin zuten.

25 urte bete ditu aurten elkarteak, eta ibilbidea amaitzea erabaki dute. San Inazio egunean, beraz, taldea desegingo dute. «Urteak aurrera doaz guretzat ere, eta 75. urteurreneko ospakizunarekin batera pentsatu dugu taldeari amaiera ematea». Hala ere, Lertxundik esan du taldearekin jarraitzeko interesa balu norbaitek, izango duela aukera. «Elkartean gehienez 15 lagun egongo izan gara, talde jator bat osatu dugu eta elkarteko kide izateaz gain, lagun egin gara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!