Inor atzean ez uzteko

Iñigo Terradillos 2022ko uzt. 28a, 11:59

Egoera irregularrean daudenentzat ezohiko erregularizazio bat bultzatzeko herri ekimen legegilea sustatzen ari dira; 500.000 sinadura bildu behar dituzte .

Espainiako estatuan egoera irregularrean dauden pertsonen egoera erregularizatzea. Helburu horrekin sortu dute Regularizacion ya! mugimendua. Espainiako Kongresuan herri ekimen legegilea eztabaidatua izatea da asmoa, eta horretarako 500.000 sinadura bildu behar dituzte. Gipuzkoa mailan ere ari dira ekimena bultzatzen, eta Tolosaldean talde bat sortua dute sinadurak biltzen laguntzeko.

Talde horretako kide da Nadir Gutierrez, Tolosan bizi den boliviarra. Berak azaldu duenez, estatuan 500.000 pertsona inguru daude egoera irregularrean. «Zure egoera erregularizatzeko gutxienez, hiru urte behar dituzu, baina, batez beste, zazpi urte eta erdi behar izaten dituzte paperik gabeek beren egoera erregularizatzeko. Kontua da tarte horretan bizi ahal izateko zer egiten duzun. Zaurgarritasun edo babesgabe egoeran dago jende asko, gizarte babesaren aterkipetik kanpo». Gainera, horietatik 125.000 inguru adingabeak direla nabarmendu du: «Izan ere, Espainian jaiotzen den haurrak ez du nazionalitea eskuratzen, baizik eta gurasoek duten izaera administratiboa izatera pasatzen da. Hau da, gurasoek paperik ez badute, haurrak ere ez du paperik izango».
Horri atzerritartasun legearen ondorioak ere gehitu behar zaizkiola dio, «ezin baita ahaztu, mugetan gertatzen ari dena, Melillan, esaterako, edo gugandik gertu, Irun eta Bidasoa artean».

Bada, egoera hori aldatzeko, herritarrei legeak proposatzeko aukera ematen dien herri ekimen legegilea bultzatu nahi dute. Lehendabizi, ordea, 500.000 sinadurako langa gainditu behar dute irailerako, eta ondoren, Espainiako Kongresuak ebatzi behar du lege proposamena tramitera onartu edo ez.

Ezohiko erregularizazio bat egitea proposatuko dute, «pertsona migratzaile arrazializatuak eskubidedun pertsonak bezala errekonozituak izateko». Gutierrezek gogoratu du ez dela horrelako zerbait egiten den lehen aldia, eta pandemia garaian ere saiakera bat egon zela; «Alarma egoera ezarria zegoenean, legez besteko proposamen bat eztabaidatu zen, paperik ez zutenentzat erregularizazio berezi bat emateko, egoera hartan babesgabe gera ez zitezen. Europako beste hainbat tokitan, Portugalen edota Italian, esaterako, egin zuten, baina Espainian ez zen aurrera atera».

Orain beste saiakera bat egin nahi dute, «pandemiak agerian jarri baitu estatuan bizi diren pertsona askoren zaurgarritasun egoera». Baina, ez horregatik soilik. «Justizia sozialagatik, hau ez baita karitate kontua».
Pandemia bat jasan ostean, eta bizitzen ari garen «urte gogorra» kontuan hartuta, Gutierrezek argi du «justiziazkoa» dela euren eskaera. «Lan eta egoitza baimena izatea egoera irregularrean daudenak, hori da eskatzen duguna», adierazi du, egoera horretan daudenek jasaten duten beste ondorio bat salatuz: «Arrazakeriaren aurkako kolektiboek erakunde arrazakeria handia dagoela salatzen dute, izan ere, izaera administratibo bat ez izateagatik kanpoan geratzen zara».

Pertsona migratzaile arrazializatuak dira mugimenduko protagonistak, eta azaldu duenez, ekimenaren berri izan zutenean bat-batean eta segituan sortu zuten taldea Tolosan. Eskualdeko norbanako ugariren eta Ana Yurd, Divina, Boolo edota Jatorkin elkarteen laguntza izaten ari direla esan du, eskerrak emanez.
Hala, herritarrak gonbidatu ditu sinatzera, eta argitu du sinadurak balioa izateko Espainiako herritartasuna izan behar duela sinatzaileak. Tolosan sinatzeko puntuak jarri izan dituzte asteburuetan, eta gainerakoan Jatorkin elkartearen Tolosako egoitzan dute puntu finkoa. ilpregularizaciongipuzkoa@gmail.com emaila ere badute informazioa jaso eta zalantzetarako.

«Ez da migratzaileen onurarako soilik, gizarte osoaren onurarako baizik», dio Gutierrezek. Lege proposamen horrekin inor atzean ez uztea lortu nahi dute, gizarteko herritar guztien beharrak asetzea, alegia. Eta beste behin errepikatu du ez dela karitate kontua, justiziazkoa baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!