Aukera hirukoitza lan egoera hobetu nahi duten gazteentzat

Ataria 2022ko uztailaren 28a

20 eta 44 urte bitarteko gazteentzako lan-aukerak sortzea helburu duen Hazilan programak edizio hirukoitza izango du urtea amaitu baino lehen.

Ikasturte berriak Hazilan programaren hiru edizio izango ditu. Helburua gaitasun sozioprofesionalei buruzko taldekako edota banakako prestakuntza eskaintzea da, goi-mailako prestakuntza duten gazteen enplegu-aukerak sustatzeko.

Programaren edizioetako baten formatua ohikoa izango da: prestakuntza-fasean, alor fisiko, kognitibo eta emozionala landuko dira taldekako nahiz banakako saioetan, eta, ondoren, eskualdeko enpresetan praktikak egiteko aukera eskainiko zaie parte hartzaile guztiei, norberaren ikasketekin lotutako lanpostuetan. Beste edizio bat garapen pertsonalean edo proiektu pertsonalen garapenean zentratuko da, banakako jarraipena eta mentorizazioa parte-hartzaile bakoitzaren beharretara egokituz. Eta, berrikuntza nagusi gisa, hirugarren edizioak ekintzailetzan sakonduko du. Enpresa bat sortzeko beharrezkoak diren esparruetan trebatzeko aukera emateaz gain, parte-hartzaile bakoitzak bere enpresa-proiektuaren bideragarritasun-plana egiteko orientazioa jasoko du.

Abuztuaren amaieran edo irailaren hasieran jakinaraziko dira xehetasun guztiak, baina interesa duen oro Tolosaldea Garatzeneko Enplegu Sailarekin jar daiteke harremanetan informazio gehiago jasotzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!