Bidaiarien eta bisitarien txanda

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 26a, 20:50
Aste Santuan ere bisitari ugari jaso zituen Tolosaldeak.

Eskualdean uztailean izan diren bisitarien gehiengoa Herrialde Katalanetatik eta Madrildik etorria izan da; aldiz, eskualdeko herritar askok Kolonbia aukeratu dute beraien oporraldirako.

Uda iristearekin batera opor usaina nagusitzen joaten da, eta eskualdeko herritarrek ere ohitura dute eskualdea utzi eta kanpora joateko. Aldiz, aldi berean, eskualdeko herriak eta heritarrak ohituta daude bisitariak hartzera.

Urte sasoiaren arabera, aldatu egiten dela Turismo bulegoan jasotzen diren bisitarien profila zehaztu du Tolosaldea Garatzeneko Turismo Saileko arduraduna den Olatz Ilarregik: «Uztailean, bertako eta Euskal Autonomia Erkidegoko bisitarien proportzioak behera egiten du, eta estatuko nahiz atzerriko jatorria duten turistak dira gehiengoa». Dena dela, atzerritar gehien hurbiltzen den hilabetea maiatza izaten dela azpimarratu du.

Tolosaldea uztailean bisitatu duten turista gehienak «Herrialde Katalanetatik datoz, %16, eta, ondoren, Madrildik datozenak dira ugarienak, %9. Aurten, hirugarren postuan, andaluziarrak daude %8rekin», dio Ilarregik. Atzerritarrei begira, Frantziatik datoz gehienak (%8) eta gero Belgika eta Suedia nabarmentzen direla esan du.

Tolosako Alde Zaharrean kokatzen den Turismo bulegora joaten diren bisitari gehienek «interes turistikoa duten lekuen inguruan galdetzen dute», argitu du Ilarregik, eta ondoren, «plano, liburuxka edo eskuorrien bila etortzen dira». Jarraian, enogastronomiaren inguruko galderak direla ohikoenak zehaztu du, «zehazki non jan dezaketen da gehien galdetzen dena». Kultur ekitaldiak eta natura turismoa ere interesatzen zaizkie, hurrenez hurren, enogastronomiaren atzetik.

Eskualdeko nekazalturismoen eta landetxeen bataz besteko okupazioari dagokionean, uztaileko lehen hiru asteetan, %60koa izan dela adierazi dute Turismo sailetik, «2019ko datua baina askoz hobea da».

Bertakoek ere badute ohitura eskualdeko bazterrak bisitatzeko. «Uztailean, zehazki, bertakoak %11 izan dira, baina martxoan adibidez, %54 izatera iritsi ziren», nabarmendu du. «Martxoaren 17an Tolosaldeko mendi ibilbideen gidak arrakasta handia izan zuen bertakoen artean eta hilabete horretan 486 pertsona hurbildu ziren eskualde bertatik turismo bulegora, asko eta asko, gidaren bila».

KOLONBIA, AUKERATUENA

Tolosan dagoen Mira Bidaiak agentzian lan eta lan ari dira. Eskualdeko herritarrek ez dute bidaiatu gabe gelditu nahi izan.

Mediterraneora eta Balear Uharteetara jende askok duela ohitura joateko zehaztu dute: «Menorkara asko saltzen da, eta baita Ibizara eta Mallorkara ere». Baina atzerrira ere aurten jende asko animatu dela nabarmendu dute. Eta herrialde izarra, Kolonbia dela: «Tolosako jende pila doa aurten Kolonbiara». Horrela suertatu dela aitortu dute, «gu eskaintzen ere hasi gara, eta jendea oso gustura etortzen da».

Bi urte arraroren ostean, Mira Bidaietako langileek eskualdeko herritarrengan «gogoa eta beharra» dituztela sentitu dute. «Mugimendu askoz ere gehiago dago, eta dena dago topera; guk oraindik lan asko daukagu, baina tokietara deitzen duzu eta beteta daude». Hegaldien prezioak eta hotelenak inoiz baino altuago daudela esan dute: «Dena igo da, eta dena dago beteta edo gehiena». 2019. urtean baino mugimendu gehiago dagoela nabarmendu dute.

Jendeak oporrak denborarekin prestatu dituela kontatu dute, nahiz eta, beti dagoen azken momentuan dabilenik. Jende asko familian bidaiatzera animatu dela diote: «Aiton-amonak beraien seme-alabekin eta bilobekin doaz, eta horrelako talde dezente eduki ditugu. Bi urte horiek eta gero, zerbait berezia egin nahi izan dute familian».

Orokorrean, herritarrek ez dute izan «beldurrik» hegazkinez bidaiatzeko: «Jendea animatuta dago, eta edozein tokitara bidaiatzeko prest. Tailandiara dezente, Kuba aldera, denetik pixka bat». «Europa mailan ere dezente, Italia asko, Grezia, eta aurten asko eskatu dira Albania, Eslobenia,... orain artean hainbeste bidaiatu ez diren tokiak». Bidaiatzen duen gehiengoa 25 eta 45 urte arteko jendea dela zehaztu dute, «baina helduagoak ere animatzen dira bidaiatzera».

Bidaiatzeko hilabete izarra abuztua dela baieztatu dute, «abuztua bai edo bai da, ezin da konparatu besteekin, baina egia da gero eta gehiago sakabanatzen ari dela oporren garaia». «Ekainean joera handia dago joateko, esaterako, eskola bukatzen den garaian, baina uztailean eta irailean ere mugimendu asko izaten da».

Orain urte batzuk baino gehiago nabaritzen dela diote Mira Bidaietakoek, eta «urtean zehar ere bai, urrirako eta azarorako ditugu bidaiak, eta geroz eta gehiago sakabanatzen da».

Baina aurtengoan, oporrekin lotuta «kaosa» dagoela azpimarratu dute, aireportuetan: «Jende asko dago, eta langile falta handia dago aireportuetan, eta aurten eromena izaten ari da orokorrean», esan dute.

Lan askorekin dabiltzala aitortu dute, baina orain lan asko «konpontze lanak dira, bertan behera geratu diren edo aldaketak izan dituzten hegaldiak direla eta; azkenean egun erdia baino gehiago egindako lan guztia konpontzen pasatzen dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!