Bueltan da, itzuli dira

Irati Saizar Artola 2022ko uztailaren 29a

Bueltatu dira. Etorri dira batzuk eta badatoz besteak. Santuaren bueltakoak, santurik gabeak. Denak festak, ordea. Abuztuko egutegiko data zehatzak koloreztatu dituzte Tolosaldeko herritarrek, jai egiteko asmoz edo ez, baina aurten, behintzat, lasaitasun osoarekin ospatzeko moduan garelako herrietako festak. Tolosako Inauteriek hautsi zuten bi urteko etenaldi lehorra otsaila amaieran, eta geroztik, jarraitu dugu jai giroan eta gogoz gaude jarraitzeko ere. Abuztua bete-beteta dator, Tolosaldeko hamasei herrietan izango ditugu festak. Hautatu egin behar nora joan eta nori uko egin. Denetara iristeko aukera duenak zorte ederra izango du. Bueltan da betiko abuztua.

Eta festarekin bueltatuko da trikiti doinuak burutik kendu nahi eta ezina. Bueltatuko da txosnetako goizaldeko usaina eta txosna ireki berritan itsatsiko zaizkigu besoak barraren gainean. Bueltatuko da ajearekin familiako bazkarira joateko iratzargailua jotzen duen unea. Bueltatuko da bueltatxo bat egiteko asmoarekin atera eta goizeko eguzki izpiek begietan min emango diguten momentua. Eta ze kristo, buelta daitezela horiek guztiak. Behar genituen eta behar ditugu.

Itzulera denona dela abestu dute Pello Reparazek eta Erramun Martikorenak orain gutxi. Itzulera denona den moduan festa ere denona delako. Bueltan nahi ez ditugunak, ordea, erasoak dira, erasotzaileak, hobe esanda. Dena, ia dena etenda egon den bitartean hauek jarraitu egin dute. Eta jakin badakite gurean ez dutela lekurik, ez direla ongi etorriak festara. Ez daitezela bueltatu, arren.

 

«Bueltan nahi ez ditugunak, ordea, erasoak dira, erasotzaileak, hobe esanda. Jakin badakite gurean ez dutela lekurik, ez direla ongi etorriak festara»



Poza behar genuen, umore onez ibiltzea, elkarrekin egotea, besarkatzea, zaintzea. Horiek denak bueltatu dira, bueltarazi ditugu, eta jarraituko dugu horretan, ondo ikasitakoa ez delako inoiz ahazten. Edo bada bi urte hauetan arin-arina eta fandangoa nola dantzatzen den ahaztu zaionik? Bada norbait festa gustatzen ez zaionik? Beti izango dugu jaietan lekua edo saiatuko gara hor egoten behintzat, gure alea jartzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!