Tolosaldea bosgarren Euskadiko Traineru Txapelketan

Ataria 2022ko uzt. 25a, 13:43

Donostia Arraun Lagunak Euskadiko txapeldun da, Lekeition (Bizkaia) jokatu duten Euskadiko Traineru Txapelketan. Tolosaldeak berriz, bosgarren postua eskuratu du. 

Donostia Arraun Lagunak izan da irabazle gaur Lekeition (Bizkaia) jokatutako Euskadiko Traineru Txapelketan. Hamazazpi segundo atera dizkiote donostiarrek Oriori, eta Hondarribia eta Donostiarra sailkatu dira haien atzetik.

Lehen txandan atera dira gaurko garaileak. Hogei bat segundoko tartea izan da lehen lau sailkatuen artean, eta minutu eta erdiren barruan sailkatu dira traineru guztiak. Horrela geratu da sailkapena bi txanden ondoren:

1. Donostia Arraun Lagunak (11:20.88).
2. Orio (+17).
3. Hondarribia (+21).
4. Donostiarra (+22).
5. Tolosaldea (+42).
6. Hibaika (+50).
7. Ondarroa (+1:25).
8. Deustu (+1:31).

Santiago Egunez lehiatutako txapelketan metroko olatuak izan dira eta haizeak ere bere presentzia izan du, arraunlarien lana gogortuz. Emakumeek asteburuan atseden hartu dute EuskoTren Ligako eta ETE Ligako jardunaldirik ez delako izan.

Lehen txandan, Donostia Arraun Lagunak, Hibaika, Donostiarra eta Hondarribia aritu dira.

Bigarren txandan, berriz, Orio, Ondarroa eta Deustu aritu dira Tolosaldearen aurka. Haizea findu da eta egoera bihurritu zaie arraunlariei. Tolosaldea lehen kaletik aritu da lehian. Irteera garbi egin ondoren, Orio eta Deustu aurreratu dira apurtxo bat lehen momentuan, haizea 18 kilometro ordukoa zela, 2.768 metro horiek burutzeko. Estropadak aurrera egin ahala, haizea biziago jarri da 21 kilometro orduko heinekoa. Lehen txandako ontziekin alderatuta, lehen luzea egiteko 3 segundo gehiago behar izan dituzte arraunlariek. Tolosaldea Orioren atzetik kokatu da segituan. 

Bi txanda ezberdinetan lehiatzeak, eta naturaren aldaerak, aurkaria parez pare ez izatea ekarri du gaurko Traineruen Euskadiko Txapelketa honetan. Txanden arteko koxka handitzen joan da estropadak aurrera egin ahala. Ziaboga Tolosaldeak bigarren hartu du, bere txandan, Orioren atzetik, 21 segundora. 

Ondarroa eta Deusturen artean epaileek lanak izan dituzte, itsaso biziagatik, kaleak elkarri zapaldu baitizkiote bi ontziek.

Tolosaldea bere aldetik, txukun aritu da ETE Ligakoak atzean utzita. Bere txandan bigarren egin badu ere, Orioren atzetik, sailkapen orokorrean bosgarren postua eskuratu du azkenik, 42 segundora.

Hurrengo asteburuan

Datorren larunbatean, uztailaren 30ean, Getxoko Estropaden XIV Ikurriña jokatuko, JA Agirre Lehendakariaren XVIII. Omenaldia. Eta igandean, berriz, uztailaren 31an, San Inazio egunez, XI. Euskotren Bandera Lekeition.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!