Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sinatu dute

Ataria 2022ko uztailaren 22a

Elkarretaratzea Tolosako Trianguloan, pasa den maiatzean.

LAB eta CCOO sindikatuek Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sinatu dute.

LAB sindikatuak jakinarazi duenez, CCOOrekin batera Gipuzkoako papergintzako hitzarmena sinatu dute gaur. "Ez da erraza izan honaino iristea. Patronalaren jarrera negoziazio honetan ez zaigu batere gustatu, sindikatuekin jolasean egon baita momentu oro. LABen lehen aukera beti izan da plataforma bateratua lortzea, baina oraingoan ez da posible izan. Negoziazioen amaieran beste saiakera bat egin genuen sindikatu guztiekin, patronalari proposamen bateratu bat helarazteko, baina ez zen posible izan sindikatu guztiak ados jartzea". ELAk ez du hitzarmena sinatu, eta LABen ustez kontraesankorra da: "ELAk berriro ere ez du hitzarmena sinatu, langileek batzarretan gehiengo handi batez akordioa babestu arren. Batzarrei garrantzia ematen badiegu, duten eskumena aldarrikatzen badugu, kontraesankorra da oso sindikatu batek bere interesen arabera jokatzea".

Papergintzako langileek hitzarmen sozial eta duina lortu dutela esan du eta aldarrikapen nagusia lortu dela gehitu du, hau da, errelebo kontratua. "Era berean, lorpen garrantzitsuenen artean daude soldata igoerak KPI-aren gainetik langileen erosmen ahalmena bermatzeko, ultraktibitatea eta berdintasunean eta baimenetan aurrerapausoak".  Hitzarmen hau langileen borrokarik gabe ezinezkoa litzatekeela nabarmendu du eta gehitu du "langileen babesa eta indarra beharrezkoak" direla hitzarmen duin bat lortzeko. "Borrokak ez du etenik, eta egunerokoan lantokietan baldintzak errespetatzeko ere borrokan jarraitu beharko dugu. Langileen ondoan egongo gara, langileen euren lan baldintzak errespetatuak izan daitezen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!