2017an sortu zuten Oria Ibaia Nordic Walking elkartea eta bertako kide dira Juanma Mujika eta Ana Bengoa. Bigarren mailako formakuntza dute ibilketa nordikoan eta irakasleak dira. Oso ondo ezagutzen dute teknika eta jakintza hori guztia partekatzen dute astebururo.
Irabazi asmorik gabeko elkartea da Oria Ibaia Nordic Walking eta hiru dira jarduera nagusiak: larunbatetan hiru orduko ikastaroak eskaintzen dituzte; astean zehar —astelehenetik ostegunera— irteerak egiten dituzte Villabonan eta Tolosan, eta baita Irun, Ordizia eta Zarautzen ere; eta hilean behin, igandeetan, egun pasak egiten dituzte. «Ikastaroa larunbatetan eskaintzen dugu eta bertan teknika erakusten dugu. Beti esaten dugu teknika ikasi behar dela bai, baina ibiltzea eta praktikatzea oso garrantzitsua dela. Horregatik ikastaro horrekin batera, astean zehar egiten ditugun irteeretan parte hartzeko aukera dago», esan du Bengoak. Ikastaroak 40 euro balio du eta irteeretan parte hartzeko aukeraz gain, materiala —makilak eta takoak— erabiltzeko aukera ematen dute eta istripu asegurua barnebiltzen du. Ondoren, material hori erosi daiteke. Behin hilabetea eginda, irteeratan parte hartzen jarraitu nahi dutenek elkarteko kide egiteko aukera dute urtean 40 euro ordainduta. Oso kirol betea da ibilketa nordikoa. «Kirol hau ez da batere bortitza, ibiltzea da azken finean, baina gorputza tente eta ondo kokatuta duzula. Gorputzaren jarrera mantentzeko balio du, onura neurologikoak ditu, kontrakturentzat oso egokia da, bihotzarentzat ona da... onura asko ditu».
Ibilketa nordikoak ibiltzerakoan erritmoa mantentzen laguntzen du eta horrek onurak dituela gehitu du Mujikak. «Makilak jaso eta askatzen ditugu pausoak ematerakoan eta horrela mantentzen dugu erritmoa, bihotzari lagunduz. Bularreko minbizia dela eta emakume asko etortzen dira ere, linfedema da bularreko minbiziaren kirurgiaren eta erradiazio-terapiaren balizko albo-ondorioetako bat eta aurre egiten laguntzen du». Pandemia aurretik 100 bat pertsona biltzen ziren irteeretan, baina ondoren kopurua jaitsi dela esan du Bengoak eta gogoratu du horrelako ekintzak oso osasungarriak izateaz gain, harremanak egiteko oso baliagarriak direla.
ORIA IBAIA NORDIC WALKING ELKARTEA
- Telefono zenbakia. 602 33 25 36
- Posta elektronikoa. oriaibaia.nw@gmail.com