Rakel San Sebastian Beristain da Adinberri Fundazioko zuzendari nagusia, eta osasuntsu zahartzeko estrategia lantzen ari dira buru-belarri. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna eraikiz egitasmoaren barruko proiektua da Adinberri, eta proiektu pilotuak sustatzen ari dira. Zerk funtzionatzen duen ikusiko dute, «esperimentazio aktiboa» deitzen diotena martxan jarriz. «Proiektu berritzaile ezberdinak eta ikuspegi ezberdinekin lantzea da, eta lurralde osora hedatzen joatea da helburua». Erreferentziazko zentroa Pasaian eraikiko dute, eta obrekin urte amaieran hastea espero dute.
Biztanleria gero eta helduagoa da. Beharrak ere gero eta handiagoak dira?
Hori da, eta zoriontzeko moduko datuak dira. Gipuzkoa eta Euskadi dira bizi itxaropen handienetakoa dutenak Singapur, Japon eta Suitzarekin batera. Bataz beste, emakumeetan 87 urteko bizi itxaropena dugu eta gizonezkoetan 81 urte. Oso datu positiboak dira, eta bizi itxaropen hori urte gehienez kalitatezkoak izan daitezen daukagu helburutzat.
Eta hori nola egiten da?
Hiru interes taldetan eragin beharra daukagu. Alde batetik, pertsonengan, ohitura osasungarriak areagotu nahi dugu, pertsonek bizi osasuntsuago bat izateko eta autonomoagoak izan daitezen; bestetik sistema sozio-sanitarioan, bikaintasuna eta jasangarritasuna bilatuz, eta baita ekonomia aukera moduan hartuta ere, zahartzaroaren inguruan ekonomia suspertuz. Horretarako, lehenesten ditugu bost erronka.
Zeintzuk dira?
Osasunaren prebentzioa eta promozioa litzateke bat, eta hor uste dut Adinberrik foku berezia jarri behar duela lanketa handia dagoelako egiteko. Bestetik, arreta eta zaintza eredu berritzaileak garatzea legoke, hau da, etxeko arreta lehenetsiz eta baita egoitzetara begirakoa ere. Gero, Silver ekonomiaren suspertzea sustatu nahi da. Baita zahartze baliotsua deitzen dioguna ere; pertsona batek behin erretiroa hartu eta gero, duen bizi proiektu hori garatzea eta gizarteari egiten dion ekarpena da, eta guzti hori lantzea litzateke. Eta azken erronka gizarte kohesionatu eta inklusiboa da.
Nola eramaten dira aurrera bost erronka zehatz horiek?
Horiei erantzuteko proiektu traktore bakoitza daukagu martxan. Adibidez, arreta eta zaintza eredu berritzaileetan Zaintza Herrilab estrategia daukagu, eta gizarte politikako departamentuarekin batera lantzen ari garena da, eta bertan parte hartzen dute baita ere Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, sozio-sanitarioen zuzendaritza koordinazioa eta beste hainbat proiektu komunitario ere. Pasaian hasi ginen eta gaur egun beste 6 udal atxiki dira estrategiara. Azken batean, asmoa da zaintza eredu bat prototipatzea zerbitzu publikoak kontuan hartuta komunitarioak eta pribatuak. Orain oso zatituta dagoen sistema hau, nolabait, koordinatua eta artikulatua izatea nahi dugu, eta sistema bakar bat balitz bezala funtzionatu ahal izatea litzateke helburua. Zein behar ditugun ikusi behar dugu eta ibilbide bat sortu, hauskortasun egoeratik mendekotasun egoerako beharrak asetuz, bata bestearekin konektatu ahal izateko, eta beti pertsona erdigunean jarrita, bere beharrei modu bateratu batean erantzun ahal izateko eta ikuspegi holistiko batetik begiratuta.
Noiz hasi zineten guzti honekin?
Duela bi urte hasi ginen lanean Pasaian, eta ari da jada bere fruituak ematen. Handinahi handiko proiektua da, eta gobernantza eredua ere nahiko konplexua da. Lan talde ezberdinak sortu dira erakunde ezberdinetako ordezkariekin. Profilak identifikatzen hasi gara, eta kasu konplexuetatik hasi gara. Guztia hartzea da asmoa; hauskortasun egoeran dagoen pertsona batetik dependentzia egoeran dagoen pertsona bateraino. Dependentzia horren barruan Primaria-Secundaria lantalde bat dago, hain justu ere koordinazio soziosanitarioa areagotzeko. Talde batean, esaterako, informazio edo datuen federazio plataforma bat ari gara lantzen. Esan dugun moduan, oso zatituta dagoen sistema da, eta guztiok informazio hori izan dezagun erreminta baten bidez ari gara lantzen. Hori da Zaintza Herrilab estrategia, eta beste sei herri ere atxiki dira.
Eta non kokatzen da Hariak estrategia?
Gizarte kohesionatu eta inklusiboaren barruan kokatzen da. Bakardadeari aurre egiteko Gipuzkoako estrategia da. 2020ko otsailean jarri genuen martxan talde motorra, beraz, pandemia hasi baino hilabete lehenago, eta pandemiak agerian utzi duena da identifikatuta geneuzkan erronka hauei heltzeko beharra eta premia dagoela eta horretan gaude buru-belarri. Horietako bat bakardadearen fenomenoa da. Ez da bakardadeaz hitz egiten, nahiko estigmatizatua dago, eta 2019an bakardadearen ikerketa egin genuenean gipuzkoarren 55 urtetik gorako %5,5ak onartzen du benetan bakarrik sentitzen dela, eta zeharka galdetuz gero, %29raino igotzen da. Ikusten da ez gaudela ohituta gai honetaz hitz egitera. Elkarrizketa publikoa eraikitzen hastea zen helburuetako bat. Beldur edo estigma horiek alde batera utzita, norberak bere sentimenduak lasai adierazteko, konpartitzeko,... askotan gertatzen da ez garela bakarrak sentimendu hori dugunak, eta besteekin konpartitzeak asko laguntzen du.
Herritarrekin konpartitu duzue?
Oso estrategia lurreratua eta oso konkretua landu dugula esango nuke. Lanketa horretan, gainera, inportanteena da parte hartu dutela 98 eragile sozial eta tokiko eragileek, Gipuzkoako 77 udaletxek, Osakidetzako sei ESIk eta 20 enpresa eta ikerketa eta garapen zentrok. Bi urtetan landu dugun estrategia izan da, eta oso partekatua. Gainera, aurretik eginda zeuden ikerketa eta hausnarketetatik abiatu ginen. Oinarrizko dokumentu bat osatu genuen, eta horiei ekarpenak eginez osatu dugu marko estrategikoa. 91 gomendio jasotzen ditu, 12 jarduera mota hiru prebentzio moten arabera eta jada esango nuke oso lurreratua dagoela. Orain, ibilbide orria ekintzara bideratu behar dugu eta hori da garrantzitsuena; proiektu berritzaileak eragileekin garatzen hastea da asmoa, eta herritarrekin atxikimenduak lortzen joatea. Bulego tekniko bat prestatzen ari gara; dinamizatzeko, jarraipena egiteko,... Eta finantzaziorako lan ildo bat ere edukiko dugu proiektu berritzaile horiek garatzen joan ahal izateko. Oso anitza dela ikusten dugu bakardadearen fenomenoa. Adinberrin fokua adinekoei begira jarrita dago, baina bakardadea zure bizitzako edozein adinetan jasan dezakezu. Belaunaldien arteko harremanak ere sustatu nahi ditugu. Estrategi honen baitan ere Gipuzkoa Itergenerazionala proiektua lantzen ari gara, belaunaldi arteko harremanak sustatzeko helburua duena.
ADINBERRI
Osasunaren prebentzioa eta sustapena. - Arreta eta zaintza eredu berritzaileak.
- Silver Economy.
- Baliozko zahartzea.
- Gizarte kohesionatu eta inklusiboa.
- HARIAK estrategiak hiru helburu ditu: bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa eraikitzea, pertsonen arteko loturak eta harremanak sendotzea, eta bakardade egoerak prebenitzen eta gainditzen laguntzea.