Almitzako segalariek Europako Txapelketan hartuko dute parte

Ataria 2022ko uzt. 21a, 07:58

Momentuz hiru talde osatu dituzte eta laugarrena osatzeko bidean dira; abuztuaren 14an jokatuko da taldekako txapelketa, Alemaniako Thundorf-Ainring herrian. 

Almitzako zenbait segalarik Alemaniarako bidea hartuko dute abuztu erdian, Europako Txapelketa jokatzeko. Abuztuaren 14an, Salzburgo eta Munich artean kokatuta dagoen Thundorf-Ainring herrian jokatu da Europako Txapelketa. Taldeka izango da, lau segalariz osatutako taldeetan. 

Almitzatik, momentuz, hiru talde osatu dituzte, eta laugarrena osatzeko bidean dira. Gizonezkoetan, eskualdetik, Mikel Lizartza eta Koldo Arzelus joango dira, Bixente Mitxelena eta Migel Mari Jauregi Altzo-rekin laukotea osatuz. Emakumezkoetan, Jugatx Agirre berastegiarrak eta Alaitz Imaz hernialdetarrak, Maide Garmendia eta Maria Luisa Gabirondorekin osatuko dute laukoa. Eta 16 urtez azpikoetan, talde mistoa osatu dute. Eskualdeko parte hartzaile bakarra Izadi Arrospide izango da, eta taldea osatzen, Mattin Etxarri eta Oier Mitxelenak lagunduko diote. Laugarren segalaria austriar gazte bat izango da.

Kategoria bakoitzean egin beharreko lanak ezberdinak izango dira. Gizonezkoek 10x20 metro koadro moztu beharko dituzte, emakumezkoek 8x15 metro koadro eta gazteek 6x10 metro koadro. Alaitz Imazek azaldu duenez, partzela azkar ebakitzea, txukun eta maila edo zerrendak zuzen uztea hartzen da kontuan.  

Liga amaitu badute ere, entrenatzen jarraitzen dutela aitortu du segalari hernialdetarrak. Eta hemendik aurrera taldean hasiko dira entrenamenduak egiten: "Orain arte bakoitza bere aldetik aritu gara, baina elkarrekin entrenatzen hasiko gara laster, txapelketan taldeka arituko garenez, komeni delako batak bestearen joerak ezagutzea". 

Abuztuaren 11n egingo dute bidaia Alemaniara eta abuztuaren 16an itzuliko dira. On Produkzioa dokumental bat grabatzen ari da segari buruz, eta bidaia horretako irudiak ere jaso nahi dituzte, sega Europan nola dagoen erakusteko. "Beste herrialdeetako segalariekin zenbait jarduera elkarrekin egitea hitzartu dugu, eta horiek grabatuko ditugunez, luzatu egin dugu egonaldia".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!