Asuncion klinika

Hitzarmenaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatu dute langileek

Ataria 2022ko uzt. 19a, 13:32

Asuncioneko zuzendaritzari negoziatzeko "borondatea" izatea eta Eusko Jaurlaritzari eta Tolosako Udalari "negoziazioan erantzukizuna hartzea eta ospitaleko publifikazio proiektuari lehentasuna ematea" eskatu diete.

Tolosako Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresako langileek hitzarmenaren negoziazioa "blokeatuta" dagoela salatzeko elkarretaratzea egin dute. Maiatzean hasi ziren zuzendaritzarekin bilerak egiten, eta salatu dutenez, "zuzendaritzak murrizketak besterik ez ditu proposatzen".

Ospitaleko langileek zerbitzu publikoa eskaintzen dutela gogoratu dute, "beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena", eta urteak daramatzatela "lan baldintza duinak" borrokatzen. Hala, lan jardunari begira, "administrazioko azpikontratazio askotan astean 35 ordu lan egiten dutenez", hori hartzen dute erreferentzi moduan hitzarmen berrirako, eta soldata igoerari dagokionez, KPIaren araberakoa izatea eskatzen dute, "onargaitza baita negoziazio honen ondoren, langileak lehen baino pobreagoak izatea".

Langileek hitzarmena "blokeatuta" dagoela salatzearekin batera, negoziazio bileretan gertatutakoa ere jarri dute mahai gainean: "enpresak ukatu egiten die sindikatuei aholkulariekin joatea, edozein negoziazioetan egiten den moduan, kasu honetan, ELA-rekin eta LAB-ekin". Eta, enpresak bere aholkularia eramaten duela bileretara argitu dute.

Maiatzean izan zuten azken negoziazio mahaia, eta zuzendaritzak "oso eduki eskasak" aurkeztu zituela esan dute. "Bost urteko indarraldia proposatzeaz gain, aurten %2ko soldata igoera, eta 2023-2026 urteetan Osakidetzako langileentzat onartzen denaren baliokidea urte bakoitzeko; gainera, lanaldiari dagokionez, 5 orduko murrizketa urte bakoitzeko". Bada, proposamen hori "guztiz onartezina" dela diote, "2022rako erosmen ahalmena %4,5 galtzea izango litzatekeelako edota indarraldia oso luzea delako".

Eusko Jaurlaritzari eta Tolosako Udalari erantzukizuna hartzeko eskaera

Bestalde, Asuncioneko langileek gogoratu dute, "hainbat urtetako mobilizazioen eta langileen eta herritarren borrokaren ondoren", Tolosaldeak ospitale publikoa izango duela erabaki dela. "Plan funtzionalaren berririk gabe jarraitzen dugu, ha da, ez dakite oraindik zer ospitale mota izango den, ez eta zein zerbitzu izango dituen ere". Ospitaleko langileen etorkizunaz ere, ez dagoela berririk esan dute.

Hala, Asuncioni negoziatzeko "borondatea" izatea eskatzearekin batera, Eusko Jaurlaritzari eta Tolosako Udalari "negoziazioan erantzukizuna hartzea eta Tolosaldeko ospitaleko publifikazio proiektuari lehentasuna ematea" eskatu diete. "Ospitale publikoa izatea %100ean eta hurbileko eskualdeko ospitale batek izan ditzakeen zerbitzu guztiak eman ditzala Asuncion ospitalean hainbeste urtez zerbitzua eskaini duten langile guztiekin".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!