ELKARRIZKETA

«Talde batean ezinbestekoa da gure lana, beste inork ez duelako erritmoa markatzen»

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko uzt. 22a, 07:57
Beheko ilaran, ezkerretik hasita bigarrena da Txomin Urdanpilleta anoetarra. ATARIA

Zo Zongo arte eszenikoen taldearen barruko emanaldia da Kolpez Blai. Hilabete batzuk besterik ez daramatza Txomin Urdanpilleta Mujikak (Anoeta, 1998) bertan parte hartzen, Iñaki Mujika lehengusu asteasuarrarekin batera. Perkusioa maite du, eta bere bizimoduaren parte da.

Igandean, 17:30ean hasita, Kolpez Blai ikuskizuna izango da Amasa-Villabonan; ordubete pasatxoko saioa da, perkusioa erdigunean duena, eta bertan ariko da Txomin Urdanpilleta anoetarra.

Zer da 'Kolpez Blai'?

Batukadako erritmo desberdinak uztartzen ditugu; badira erritmo sinpleekin edo oinarrizkoekin batukadak egiten dituzten taldeak, baina gurea intentsitate handiko emanaldia izaten da. Gure saioa benetan zer den ezagutzeko, ikustea eta entzutea da onena.

Zenbat kidek osatzen duzue taldea eta zein instrumentu jotzen dituzue?

Dozena bat kide gara taldean eta pailak, kaxak, tom-tomak, txindatak eta surdoak jotzen ditugu. Une honetan, hasiberri asko gaude taldean, eta beraz, batzuetan taldekide ohiak ere etortzen dira gurekin jotzera. Orduan, lehen aipatutako instrumentu horien kopuruak handitzen ditugu.

Zuk zein instrumentu jotzen duzu?

Surdoa jotzen dut. Instrumentu guztietatik hots grabeena duena da eta bonboaren funtzioa betetzen duela esan genezake, erritmo finkoa markatzeko erabiltzen baitugu.

Instrumentua zure aukeraketa izan da?

Txikitatik aritu izan naiz perkusio instrumentuak jotzen, eta azken urteetan, gainera, musika talde desberdinetan aritu izan naiz. Hala ere, serioski hartu ditut orain perkusio ikasketak, maila handiagoko ikasketak egin ahal izateko. Nire kasuan, taldean hasiberrietako bat naizenez, eta instrumentu errazenetako bat surdoa denez, esleitu egin zidaten. Oso gustura hasi nintzen berau jotzen, eta orain ere oso gustura aritzen naiz. Beste instrumenturen bat ikasi beharko banu, ez nuke arazorik izango.

Noiztik zaude taldean, eta nolatan sartu zinen?

Abenduan batu nintzen taldera, entseguekin hasiz, eta nire lehen saioa Irungo Errege Magoen desfilean izan zen. Donostiako kontserbatorio batean ari naiz musika ikasketak egiten, eta bertan bada beste ikasle bat taldean dabilena; Iñakik [Mujika] ere bertan ikasten du. Bien bitartez, izan nuen taldearen berri eta beraiek gonbidatu ninduten kide izatera. Nirekin batera beste lau kide ere hasi ziren abenduan.

Noiz hasi zinen perkusio ikasketekin?

Haurra nintzela, Tolosako Inauterietan, txarangan parte hartzen nuen perkusio instrumentuak joz. Aurrerago, baina, haizezko instrumentuak jotzeko ikasketak egin nituen; lehenengo tronpeta, eta gero tronboia. Beranduago bateria jotzen ikasten hasi nintzen, nire kabuz, baina azkenean, perkusio ikasketak egitea erabaki nuen Loatzo musika eskolan. Handik Andoaingo musika eskolara joan nintzen, eta 2020az geroztik, kontserbatorioan ari naiz.

Bestelako talde batzuetan, txarangan edo rock taldeetan aritu izan zara. Zein da desberdintasuna eta zein nahiago duzu?

Kolpez Blai ikuskizuna, azken finean, lana da guretzat. Lana eta aisialdia uztartzen ditugu, seriotasuna eta dibertimendua. Beste talde mota batzuetan jotzen dudanean ere oso gustura aritzen naiz, baina horiek zaletasunera bideratuta daude.

Musika aldetik, Kolpez Blai ikuskizunean egiten dugunak ez du zerikusirik bestela jotzen dudanarekin, intentsitate handiagokoa da musika. Intentsitate hori dela eta, nekagarriagoa ere bada.

Zuen ikuskizunean, energia, dantza eta mugimendua uztartzen dituzue, baina oinarrian, perkusioa joz. Erraza al da hori dena batera egitea?

Esango nuke hori dela gure ahulgunea. Musikari garrantzia eman nahi izaten diogu, baina ezin dugu ahaztu, emanaldiaren gakoetako bat eskaintzen dugun show-a dela. Instrumentuak jotzearekin batera, gorputz mugimenduak eta espresioak lantzen ditugu entseguetan.



Koreografiaren bitartez behintzat, indarra transmititzen duzue.

Ez da gauza bera erritmo bat geldirik zaudela edo mugimenduan eta dantzan ari zarela jotzea. Gu mugituz gero, inguruan dauden ikusleak ere mugitzen dira, eta hori da nire ustez emanaldiari berezitasun edo xarma puntu hori ematen dion elementua.

Hala ere, ezinbestekoa izango da instrumentuak ondo jotzea, ezta?

Noski. Erritmoaz gain, ñabardurak ere badira. Oso garrantzitsua da makilekin jo beharreko lekuan egoki jotzea, batzuetan indartsuago, ozenago entzun dadin, eta beste batzuetan suabeago, jotzen ari zaren hori ahalik eta gutxien entzun dadin. Entzule asko izaten da gure emanaldietan horrelako xehetasunetara adi egoten dena.

Perkusio jotzaileek egiten duzuena soinua ateratzea dela esango du askok. Zein iritzi duzu?

Musika talde batean ezinbestekoa da gure lana, beste inork ez duelako erritmoa markatzen. Perkusioa jotzea erraza dela dio askok, kolpeak jotzea besterik ez dela. Horrez gain, haizezko edo harizko instrumentuekin nota eta melodia desberdinak jo daitezkeela esaten dute. Gure kasuan, eskumuturrari ezartzen diozun indarrean edo instrumentuan zein tokitan eta zein intentsitaterekin jotzean dago gakoa. Perkusioa mundu bat da, eta badira notak ere, xaflazko instrumentu ugari daudelako.

Zuen emanaldian geldikako saioa edo estatikoa eta kalejira uztartzen dituzue. Nolakoak izaten dira?

Herriko plaza batean hasi ohi gara, geldirik, eta gure saioaz gozatu nahi duena gugana gerturatzen da. Gero, kalejiran joaten gara jendetza handia biltzen den beste leku bateraino, eta bertan ere geldirik jotzen dugu. Konturatzerako, bizpahiru geldialdi egin ondoren, ikuskizuna amaitzen dugu; motza bezain bizia da.

Halaber, Kolpez Blai emanaldia eskaintzen dugun kide berdinek, Psychoclown izeneko beste emanaldi bat ere eskaintzen dugu. Maskarak, petardoak eta bengalak erabiltzen ditugu. Beste emanaldia baino ikusgarriagoa da, eta batez ere, ilunduta dagoenean egiten dugu, bengalek bere funtzioa bete dezaten. Kasu honetan ere, ikusleek musikari erreparatzen diote, baina ez beste emanaldian bezainbeste, antzerkitik eta ikusgarritasunetik gehiago duelako.

Zuen kasuan, zein kantu jotzen dituzue? Aurrez prestatuta izaten duzue saio guztia?

Festa guztietan izaten da musika taldeez edo kultur emanaldiez arduratzen den pertsona bat. Gure kasuan, behintzat, berak agintzen digu, eta nora eta nondik joan behar dugun esaten digu. Orduan, guk ingurua begiratu eta izaten den jende kopuruagatik edo motagatik, abesti bat edo beste jotzen dugu, horrek baldintzatzen du gure saioa, alegia. Jotzen ditugun kantu ia guztiak oso azkarrak eta motzak dira; hortaz, ez dira inoiz amaitzen ez direla diruditen horietakoak.

Hasiberriak ezin gara kexatu. Guztia eginda topatu genuen lehen egunetik, aitona-amonen etxera joan eta otordua prest izaten duzunean bezala. Moldaketa guztiak eginda zeuden, eta beraz, horiek behin eta berriz irakurri, ondo ikasi eta praktikan jartzea izan da gure lana.

«Iraila amaieran Lanzaroten egingo den Arrecife Festival jaialdian aritzeko gonbita jaso dugu»


Zein harrera izaten du ikuskizunak?

Gugana hurbildu diren denak oso gustura ikusi eta entzun izan dutela esan digute. Jotzen ari zaren bitartean ere nabari da hori bere gorputz eta aurpegietan. Akaso egongo zen bakarren bat ikuskizunaz gozatuko ez zuena, baina gu behintzat ez gara horretaz jabetu.

Ekainean hainbat emanaldi eskaini dituzue herri askotan. Egun bakarrean hiru eskaini zenituzten. Posible al da?

[Barreak] Bai, bai. San Joan jaien inguruan izan ziren emanaldi gehienak. Bi asteburutan bederatzi emanaldi eskaini genituen. Egunen batean, eguerdian bat, arratsaldean bestea eta gauean azkena. Gu ere nahiko parranda zaleak gara, eta beraz, esaerak dioen bezala, «gustuko lekuan aldaparik ez». Nik buruan honako pentsamendu hau izaten dut: «Ikuskizunak irauten duen ordu eta laurden horretan topera aritu, eta behin hori igarotzean, lasaitu eta atseden hartuko dut».

Igandean, 17:30ean hasita, Villabonan ariko zarete. Berezia izango da etxetik gertu jotzea, ezta?

Zalantzarik gabe; etxean jotzea bezala izango da. Andoainen ere aritu ginen festetan, eta hura ere berezia izan zen. Bertan ikasi nuen, eta bertan ere familia daukat; beraz, ezagun askorekin elkartu nintzen. Tolosaldeko herritarrok ez dugu ohitura handirik Andoainera joateko, eta beraz, igandekoa horregatik izango da berezia, eskualdean ditudan lagunak bertan izango direlako.

Aurrerago ere, abuztuan eta udazkenean emanaldi gehiago dituzue aurreikusita?

Bai. Festak ospatzen hasiko dira herri askotan, eta guk ere jaso ditugu deiak. Udarak aurrera egin ahala, pentsatzen dut toki gehiagoetatik jasoko ditugula. Abuzturako jada hainbat ekitaldi ditugu aurreikusita, eta irailerako ere beste batzuk. Iraila amaiera aldean, gainera, Lanzaroten egingo den Arrecife Festival jaialdian aritzeko gonbita jaso dugu. Lehenago egin izan dute Kolpez Blai emanaldia bertan, baina taldeko batzuentzat lehen aldia izango da. Esperientzia berri bat izango da.

Non ariko zinake gustura taldearekin?

Batez ere, Euskal Herrian. Anoetan, noski, baina baita Iruñean ere. Ekainean Bilbo inguruan izan ditugu emanaldi gehienak. Gustura aritu gara, baina gertuago aritzea politagoa litzakeela hitz egin izan dugu gure artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!