Euskotren Ligaren bosgarren eta seigarren estropadak izan dira jokoan asteburuan eta Tolosaldea traineruak ezin izan du azken postutik atera, eta laugarren estropadan lortutako hirugarren postua berriro lortu. Larunbatean, Orioko banderan, ez zuten hasiera ona izan, eta igandean, Zierbenan, II. Bandera Edinorren, lehen luze ona izan arren, bigarren luzean patroia ondoezik sentitu zen eta ezin izan zuten postu hobeago batengatik borrokatu. «Badakigu hobeto egin dezakegula eta lehian jarraituko dugu», azaldu du Itxaso Aranburu Tolosaldea traineruko arraunlariak.
Larunbateko estropadaren hasiera ez zen ona izan, eta hor galdutako segundoak ezin izan zituzten berreskuratu. «Bigarren luzean hasi ginen sentsazioak hobetzen, baina ez zen nahikoa izan, garesti ordaintzen da akats bakoitza», azaldu du Aranburuk. «Orokorrean orain arteko estropadetan abantaila hartzen digute eta gero aldea zerbait mozten dugu, baina ez da nahikoa izaten. Hirugarren postua lortu genuenean lehenengo luzea paretsu egin genuen».
Igandeko estropadan, hain justu, lehenengo luzean ondo aritu ziren, eta bakarrik bi segundo galduz iritsi ziren ziabogara, baina bigarren luzean Olaia Barriuso patroia ez zen ondo sentitu, eta horrek eragina izan zuen emaitzan. «Igandean erakutsi genuen hasiera ona emanez gero hor gaudela, postu hobeago baten borrokan aritzeko gaitasuna dugula», esan du Aranburuk.
Oriok irabazi zituen asteburuko bi estropadak eta lider jarri da bi puntuko aldearekin. Donostia Arraun Lagunak dago bigarren, eta Donostiarra dago hirugarren, Tolosadeatik lau puntura. Liga amaitzeko beste zortzi estropada falta dira eta Tolosaldeak aurkari zuzena duen Donostiarrak baino puntu gehiago pilatzeko beharra du, azken postua ekiditeko.
Asteburu honetan atsedena izango dute Euskotren Ligan. Astelehenean, uztailaren 25ean, traineruen Euskadiko Txapelketa izango da jokoan Lekeition, eta bertan izango dira, besteak beste, Euskotren Ligako lau traineruak. Beraiek izango dira faboritoak. «Inor ez dago ezer oparitzeko eta ikusiko dugu zer gertatzen den astelehenean. Gu dena ematera joango gara», zehaztu du Aranburuk. Ramon Erostarbe entrenatzaileak erakutsi duenez, aldaketa egiteko beldurrik ez da izaten ari, eta ikusiko da zer eskifaia ateratzen duen txapelketarako.
SAILKAPENA
- Orio 22 puntu
- Donostia Arraun Lagunak 20 puntu
- Donostiarra 11 puntu
- Tolosaldea 7 puntu